Sarrerak agortuak “Ene kantak” taldearen ikuskizunerako Barañain Auditorioan

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 29a, 19:45

Heldu den larunbatean “Oneka” ikuskizuna eskaini eta bideoan grabatuko dute.  DVD berri honekin lortutako diruaren parte bat Araitz-Betelu, Larraun eta Lekunberriko Mailope herri aldizkaria laguntzeko izanen da.

Joan den urteko urriaren 15ean Gaiarre antzokian lana estreinatu ondoren, hamaika emanaldi eskaini ditu Ene Kantak taldeak Euskal Herriko toki anitzetan. Hilabete hauetan ikuskizunaren CDa eta bideoklipen DVDaren salmentatik jasotako diruaren erdia Euskalerria Irratia laguntzeko bideratu da. Orain “Oneka” ikuskizuna bera izanen da bideoan hartuko dutena eta horren bidez lortuko diren diru etekinak Mailope aldizkarirako izanen dira.

Mailope Araitz-Betelu, Larraun eta Lekunberriko herri aldizkaria da. 1990. urtean argitaratu zenez lehenengoz, aurten 25 urte beteko ditu. Berez ingurune euskalduna den arren, aldizkaria bera jaio zenean, euskararen normalizaziora heltzeko urrats franko eman beharra zegoela ikusi zuten bertako hainbat euskaltzalek. Gau-eskolako ikasleen ariketa gisara sortu zen aldizkaria. Lau orrialdeko ale bat atera zuten lehenengoz, eta herritarren artean zer nolako arrakasta izan zuen ikusita, azkenean, hilabetekari bihurtu zen.


Hilabetekaria argitaratzeaz gain, hainbat kultur ekitaldi ere antolatzen ditu elkarteak, beti ere euskara eta euskaltzaletasuna ardatz hartuta. Bidean, zailtasun ugari izan da. Nafarroako Gobernuak azken urteetan diru laguntza ukatu, eta bazkideen eta publizitatearen bidez lortutako diruari esker egin ahal izan du aurrera proiektuak. Dvd berri honekin jasotako dirua onuragarria izango da oso Mailoperentzat, bidea erraztuz eta ilusio handia banatuz.
 

DVD berria abenduaren 9an argitaratuko dute Ene Kantak ekimeneko partaideek, hala ere, urriaren 3an Barañaingo Auditorioan bertan erreserbatu ahal izanen dira aleak etxean zuzenean jasotzeko.  

 

Prezio berezia erreserbatzeko Barañainen: 10€ (bidaltze gastuak barne)
Abenduaren 1a arte webguneko prezioa 12 eurokoa izanen da (+ bidaltze gastuak).
Abenduaren 9tik aurrera ohiko tokietan salgai egonen da.

 

SINOPSIA


Lur planeta sufritzen ari da, euririk ez du egiten azkenaldian, ur eskasia dago, auto kopurua ikaragarria da... Eneko eta Nere kezkatuta daude, ezin baitute gehien gustatzen zaien jolasean aritu: putzuetan saltatzea.
Liburu magikoa hartuta uraren bila joango dira: baina... lortuko al dute? Oneka marrazoak lagunduko al die? Etxera bueltatu ahal izango dira? Izan ere... “marrazo handi honek sorrarazten du beldurra”...
Etor zaitez, eta bizi itzazu Eneko eta Nereren istorioak!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!