Mikel Oteiza (Atarrabiako alkatea): “Orain lortu dugun babesa itzela izan da”

Euskalerria Irratia 2015ko uzt. 3a, 12:22

Mikel Oteiza Iza, lehen zinegotzia izandakoa, orain Atarrabiako EH Bilduko alkate berria da. Aurreko legealdian bezala EH Bildu nagusitu da hauteskundeetan, baina oraingo honetan babes handiagoarekin: 17 zinegotzietatik 8 eskuratu ditu.  

Mikel Oteiza 35 urte ditu eta maisua da Atargi ikastetxean, Atarrabian bertan. Orain lan eszedentzia hartuko du udalean buru belarri aritzeko. Aurreko legealdian Kultura, Gazteria eta Euskara zinegotzia izan da. Euskalerria Irratiko aspaldiko laguna eta kolaboratzailea izan da Mikel Oteiza.

Duela zenbait urte gazteen tertulia hartzen zenuen parte, nolako oroitzapena duzu?

Gazteen tertulia batera etortzen nintzen gazte garaian. Egia esan hemen beti gustura.

Zu beti gizarte eta kultur mugimenduetan ibili izan zara: Karrikaluze Euskara Taldeko kidea zara, begiralea izan zara…

Atarrabian oso saltseroa izan naiz beti. Dantza Taldean aritu naiz, Gazte Kontseiluan, erraldoien konpartsan eta kirolaren munduan ere bai eta betidanik gustatu izan zait gazteekin aritzea, horregatik urte luzez aisialdi begirale aritu naiz. Beti gustatu izan zait Atarrabian egiten diren gauza guztietan parte hartzea.

Orain bizitzaren fase berri batean zaude, aita izan berria, alkatea… Nola daramazu?

Bai, hiru hilabeteko alabatxoa dugu eta gauzak asko aldatzen dira, baina oso pozik. Dena batera etorri da. Aldaketen garaian aldaketa asko izan ditut.

Azken legealdian zinegotzia izan zara Kirio Gastearena alkatearekin. Esperientzia horrek lagunduko dizu kargu berrian, ezta?

Bai. Kultura, gazteria, euskara, jaiak eta beste gai batzuk hartu nituen nire gain eta oso polita izan da. Gauza asko egin dugu eta pozik gaude. Esperientzia pixka bat hartu dut oraingo postuari begira, baina ez da gauza bera, noski.

Erakundea ezagutzeko bai baliogarria bederen?

Oraingoa eguneroko lana da, tramite asko, bilera asko, papeleoa… lehen bestelako lana zen jendearekin biltzea, gauzak antolatzea eta atseginagoa zentzu horretan.

Atarrabian 10.200 biztanle. Nolako herria da?

Iruñerrian egoteko nortasun handiko herria dela esago nuke nik. Atarrabiak mantentzen du bere herri izaera hori. Elkarte asko daude, herri mungimendua handia da, bere gora beherekin, baina hor dago eta jendeari gustatzen zaio bertan egotea. Atarrabia interesgarria, polita eta oso atsegina da bertan bizitzeko.

Gazteek erraza dute Atarrabian etxebizitza aurkitzea?

Saiatzen dira. Gure herriaren dermioa oso txikia da eta eraikin berriak egiteko tokirik ez.  Ibai aldean eta mendian eremu txiki bat izan ezik,  ia beste guztia egina dago. Guk ez dugu Ardoi bat edo Sarrigurenen duten zabalera.

Hilabetea pasa da hauteskundeak egin zirenetik. Aldaketa gertatu da hiri eta herri aunitzetan baina Agoitz eta Atarrabian jarraipenaz hitz egin daieteke, ezta?

Bai. Hala ere gurean desberdina izan da oraingoa aurrekoarekin alderatuta. Orain lortu dugun babesa itzela izan da. Lehen bost zinegotzi genituen gehi Aralarrek bat eta orain EH Bilduk zortzi ditu. Izugarria izan da Nafarroa osoan gertatu dena. Orain dugun momentua oso ilusionagarria da eta hasitako bidetik jarraitu behar dugu. Agoitzen Unai Lakok egin duena ere oso handia da, kontuan hartuta zein egoeran zegoen herria berak hartu zuenean.

17 zinegotzitik EH Bilduk 8 ditu, Geroa Baik 3,UPNk 3,  I-E k2 eta PSNk 1. Boto kopuruen aldetik zuek 2.222 eskuratu dituzue, hurrengo alderdiaren kopuruaren halako bi. Aurrekoan 11 botoren aldea zeuden lehena eta bigarrenaren artean eta orain, aldiz, 1200. Espero zenuen?

Espero genuen irabaztea baina ez hainbesteko aldearekin. Ustekabea izan da.  Ikusten dugu egindako lana ona izan dela eta herriak ere hala uste duela. Bestalde argi dago asmatu egin dugula zerrendan aurkeztu den jendearekin: talde anitza, zabala eta esparru desberdinetako pertsonez  osatutakoa,  eta hor daude emaitzak.

Aurreko legealdiko lorpen handienak?

Ez zen proiektu disdiratsurik izan. Lan txikiak egin genituen, baina oso ongi burutuak. Horrekin batera azpimarratu behar da kudeaketa ekonomkioa izugarria izan dela. Krisiaren urte gordinetan ere lortu dugu udalaren egoera ekonomikoa hobetzea, beharrezkoak ziren zerbitzuak beti mantenduz.

Beste helburu garrantzaitsu bat  parte hartzea eta gardentasuna areagotzea izan da.  Aurrekontuak prestatzean eta aurkeztean gardentasuna lehenetsi dugu, adibidez.

Parte hartzea oso ongi landu dugu eta ideia polit batzuk atera dira, esate baterako alor desberdinetan egin ditugun foro publikoak. Argi dugu ez dela nahikoa botoa ematearekin. Egunez egun entzun behar da jendek dioena.

Eta hemendik aurrerako erronkak?

Bide beretik jarraitzea berez izugarrizko erronka da. Dena irabazi duen futbol talde batean entrenatzaile gisa  sartzea bezalakoa da hori.

Gure asmoen artean dago parte hartzean sakontzea, alor desberdinetan egitura berriak sortzea: kultur kontseilua, parekidetasun alorrean eta euskaran, besteak beste. Kirol zerbitzu publikoa egin nahi dugu. Horretarako enpresa publikoa sortu eta orain martxan jarri behar dugu. Zerbitzuan onura batzuk lortu eta ekonomikoki ere merkeago ateratzea espero dugu.

Parte hartzearen kultura oraindik ez dago oso zabaldua denbora luzez ikusle hutsak izan garelako. 

Pribatizatutako zerbitzu publiko batzuk berreskuratu nahi ditugu, baita kontu filosofikoengatik ere: udal zerbitzuekin ez da negozioa egin behar da. Zerbitzu ona eskaini eta kitto.

Bestalde Nafarroa Gobernuarekiko harremanak hobetuko direla espero dugu. Inbertsioetarako dirua lortu nahi dugu, uholdeen aurka aritzeko baliabideak eta abar. Aurreko urteetan Oso frustrantea izan da bileratara ere baztuetan ez zirelako etortzen edo ez zigutelako batere laguntzarik ematen. Orain aldarte aldaketa espero dugu.

Haur eskolan, eskolan eta beste hainbat azpiegituratan lanak egin behar ditugu.

Ikurriñarekin zer egiteko asmoa duzue?

Atarrabian ikurriña denbora luzez jarrita egon da herriak hala erabaki zuelako eta bitxia da ikustea nola balkoian egon zen UPN agintean egon den bitartean eta 2007an Ikurren Legea indarrean sartu zelarik NaBaiko alkateak kendu behar izan zuen. Guk beti salatu izan dugu lege hori eta orain bertan behera uzten bada normaltasun osoz jarriko dugu ikurriña, herriak hala eskatzen duelako.

Udal Gobernua nola antolatuko duzue?

Gobernu batzordean beti izan dira alderdi gutziak. Hori da ez idatzitako legea gure herrian eta berdin jarraituko dugu.

Bestalde, batzorde buruak talde guztiei eskaini dizkiegu. UPNk oso modu onean esan zigun ez zuela parte hartu nahi. Geroa Baik gizarte zerbitzuak hartuko ditu, I-Ek euskara eta PSNk parekidetasuna. Beste guztiak gure taldearen esku geldituko dira.

Itunik ez dugu legealdi osorako eta ez dut uste behar dugunik ere. Gai zehatzetan bilatuko dugu besteen babesa. Ez dut uste akordioetara iristea zaila izanen denik oso jarrera ona dute eta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!