'Invoc4tium' musikala aurkeztuko du Jaso ikastolak Baluarten

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 8a, 12:06
Imanol Janices, Miren Lopez, Irantzu Zabalza, Xabier Lean eta Edu Serna musikalaren egileak.

Ikastolako ikasleek sortu, produzitu eta agertokian irudikatzen dute musikala. Musika, akrobaziak, dantza eta antzerkia uztartzen ditu. Baluarten ekainaren 12an, ostiralean, izanen da.

Naturaren inguruko ikuskizuna da Invoc4tium. Haizea, lurra, ura eta sua izanen dira protagonistak. Jaso ikastolak egiten duen hirugarren musikala da. Aurretik Txanpon baten truke eta Iki Milikili klik egin zituzten. Guztiek ezaugarri berbera konpartitzen dute: ikasleek sortu, produzitu eta agertoki gainean irudikatzen dutela. Invoc4tium-en 12 eta 16 urte arteko 44 ikaslek hartzen dute parte. Musikalean dauden zazpi abesti zuzenean kantatzen dituzte eta beste hainbat eszenatan zuzeneko musika eskaintzen dute.

"Euskararen sustapena, bizikidetza eta adin ezberdinetako ikasleen harremanak sustatzea da helburua", hala nabarmendu du Edu Sernak, musikalaren zuzendari pedagogikoak. Musikala sortzearen eta ikuskizun bilakatzearen xarma, "prozesuan" dagoela nabarmendu dute Invoc4tium-en parte hartzen duten irakasle zein ikasleek. "Ikasleak irailetik ari dira ikuskizuna prestatzen, jostaldiak aprobetxatzen dituzte horretarako eta hilean behin igandetan elkartzen gara entseatzeko", azaldu du Izaskun Zabalza ikuskizunaren zuzendaritzako kideak.

Barañaingo auditorioan egina dute Invoc4tium. Baluarten ekainaren 12an, ostiralean, eginen dute. Bi aukera izanen dira: lehena, goizean (11:00etan) ikastetxeetako ikasleentzat eta bigarrena, arratsaldean (20:00etan) herritar ororentzat. 1.500 ikasle izanen dira goizeko emanaldian eta arratsalderako dagoeneko 900 sarrera saldu dituzte. Beste bi antzokitan ere izanen dira: Bilboko Arriagan urrian eta Donostiako Victoria Eugenian azaroan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!