Larunbatean ospatuko dute Iruñerriko Euskal Jaia

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 13a, 13:43

‘Hemen gara’ hautatu dute goiburutzat,  ekimenaren helburuetako bat delako Iruñerrian euskal kultura izan badela erakustea. Ekitaldiak ostegunean hasiko dira. Aurtengo berrikuntza, larunbat gauean hainbat kontzertu eginen dituztela Alde Zaharrean.

Hemen da Iruñerriko IV. Euskal Jaia, bazterrotan euskal kulturaren alde lan egiten duten hainbat taldek eta pertsonak antolatua. Antolatzaileek euskal kulturaren zaleei topalekua eskaini nahi diete, baita euskal nortasuna aldarrikatzeko jai alaia eta koloretsua ere. Hemen gara da aurtengo jaiaren goiburua. “Hemen garela gogorarazi nahi diegu gu zokoratzen saiatzen direnei, eta hemen garelako euskaldunak garela aldarrikatu, hemen gara horrek bi zentzu horiek baititu”, azaldu du antolatzaileen eledun Itziar Gartzesek.

Bideoan ikus daitekeenez, iaz arrakasta handia izan zuen festak, ehunka lagunek parte hartu baitzuten goizeko kalejiran, eguerdiko herri bazkarian baita arratsaldeko eta gaueko dantzaldietan ere.

Arrakasta errepikatzeko xedearekin, iazko formula bera errepikatu dute aurten: ekitaldiak bihar, ostegunarekin, hasiko dira, 20:30ean Noka taldeak Jarauta tabernan kontzertua eskainiko baitu. Ostiralean, hilaren 15arekin, bertso afari-merendua eginen dute Zaldiko Maldiko elkartean, Iruñerriko bertsolari gazteekin, 20:00etan. Bertaratzen direnei pintxoak eskainiko dizkiete.

Nolanahi ere jai egun handia larunbata izanen da. Berrikuntza nagusia, Kaldereriako hainbat tabernatan kontzertuak eginen dituztela larunbatean bertan. 17:00etan, Alicate eta La gramola del amor taldeek joko dute Cafe Racer ostatuan. 18:00etan, Legeak Erre eta SU Berri taldeek joko dute Toki Lezan. 19:30ean, Mishkarian taldea Terminalen izanen da. 21:00 Khous taldeak Infernu tabernan joko du.

Dena dela ospakizunak goizean hasiko dira. Hainbat kale jira eginen dituzte Alde Zaharrean, eta 12:00etan denak Udaletxeko plazan elkartuko dira, larrain dantzan. Eguerdian, herri bazkaria eginen dute Arrano elkartean. Tiketak 15 euroan daude salgai. Arratsaldean Nabarreria plazan erromeria eginen dute.

Egitaraua:


10:00etan herri gosariak Estafeta eta Jarauta karriketan.
11:30ean kalejirak Alde Zaharreko karriketan barna. Dantzariak, joaldunak, erraldoiak,
trikitilariak, txarangak, fanfarreak…
13:00etan ekitaldi nagusia Udaletxeko plazan.
13:30ean Larraindantza eta erraldoien topaketa Gazteluko plazan.
15:00etan herri bazkaria Arrano elkartean, 120 lagunendako (bazkalondoan Ostatu
ibiltaria taldea).
17:00ean kontzertuak Kaldereria karrikan.
18:00etan dantzaldia Nabarrerian: Karrikadantza eta Hauskaitz
21:45ean kalejira Jarana peñaraino.
22:00etatik 2:00etara kontzertuak Jarana peñan Benation eta Chotakabra. Gero musika
eta giro bikaina.
EUSKAL JAIAN PARTE HARTUKO DUTEN TALDEETAKO BATZUK:
Iruñeko Dantzarien Mahaia (Amaiur, Basakaitz, Duguna, Iruña Taldea, Muthiko
Alaiak, Oberena eta Ortzadar dantza taldeak), Arrosadiko erraldoien konpartsa,
Arrotxapeko erraldoien konpartsa, Azpilagañako erraldoien konpartsa,
Buztintxuriko erraldoien konpartsa, Mendillorriko erraldoien konpartsa,
Txantreako erraldoien konpartsa, Arrosadiko joaldunak, Txantreako joaldunak,
Xapiru Trikitilarien Eskola, Ostatu ibiltaria taldea, Karrikadantza, Hauskaitz
taldea, Benation taldea, Chotakabra taldea, Iruñeko bertsolariak, Noka taldea...
Bestelako laguntzaileak: Iruñeko Peñen Federazioa, Gora Iruñea!, Alde
Zaharreko hainbat taberna.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!