Haur eskoletako behin behineko zerrendak dira Barañaingo Udalak aurkeztu dituenak: 0-3 urte arteko 20 haur itxaron zerrendan geratu dira euskarazko ereduko haur eskolan. Kanpoan geratu diren horietatik zortzik gaztelaniazkoan lekua badutela ere nabarmendu du Udalak, “bigarren aukera gisa jarri zuten gaztelaniazko haur eskolara joateko nahia”. Gaztelaniazko haur eskolan ez da itxaron zerrendarik izan.
Euskarazkoan 22 haur onartu dira, eskaera bat epez kanpo aurkezteagatik ezeztatu da eta beste 20 familia itxaron zerrendan daude. Guztira, beraz, 43 eskaera aurkeztu dira euskarazko haur eskolan. Gaztelaniako haur eskolan 54 eskaera onartu dira, hiru ezeztatu dira epez kanpo aurkezteagatik. Euskarazko eredua lehen aukeratzat jarria zuten zortzi haurri bigarren aukera egokitu zaie, gaztelaniazkoa alegia. Beraz, eskola honetan 49 eskaera aurkeztu ziren.
Erreklamazioak jartzeko epea asteazkenean amaituko da eta behin betiko zerrendak maiatzaren 21ean argitaratuko dira.