Hauteskundeak 2015

Antsoaingo zerrendan eskuin muturreko valentziar bat sartu du UPNk

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 5a, 12:52
Irudia: @aranagoiri

Oscar Rodriguez Manjón deitzen da. Duela bi urte famatu zen, PPko Nuevas Generaciones gazte taldeko kidea izanda, sare sozialetara agur faxista egiten azaltzen zen argazkia igo zuelarik.

UPNk Antsoaingo udal hauteskundeetara aurkezturiko zerrendako 11. postuan ageri da Oscar Rodriguez Manjón. Paternakoa da (Valentzia, Espainia), eta sare sozialetan arrunt ezaguna da. Duela bi urte, PPko gazterietako kidea zelarik, sare sozialetan oihartzun handia eduki zuen argazkia igo zuen Twitterreko bere kontura: bigarren planoan PPren logotipoa ageri zen. Lehen planoan, bera agur faxista egiten.

Horren karietara alderditik bota zuten, eta ordutik hainbat indar politikotako eta bestelako erakundeetako kidea izan da. Eta hori frogatzen duten agirien irudiak igo ditu sare sozialetara. Besteak beste, eskuin muturreko España 2000 eta Plataforma per Catalunya indar politikoetako kidea izan da, baina baita PSOEkoa eta UGTkoa ere.

Ahotsa.info-k azaldu duenez, Rodriguezek herenegun gauean UPNko hautagaia zela jakinarazi zuen Twitterreko bere kontuan, eta UPNko logotipoa gehitu zion bere kontuko argazkiari. Hasiera batean ematen zuen txantxa izan zitekeela, baina handik gutxira UPNko antolaketa idazkari Sergio Sayasek hanka sartzea aitortu zuen Twitterren: “Ziria sartu digute”.

Javier Dominguez kazetariak Twitterren zabaldu duenez, Oscar Rodriguez Manjon Voxeko hautagaia ere bada, Zizurren. Politika ez ezik, bestelako zaletasunak ere baditu gizon honek. Besteak beste, aktore pornoekin argazki-muntaia zabar samarrak egitea eta sareetara igotzea.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!