Udal liburutegietan euskarazko liburua irakurtzen dutenei deskontu txartela oparituko diete

Euskalerria Irratia 2015ko api. 24a, 09:43

Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Uharte, Zizur Nagusiko udaletako euskara zerbitzuek antolatu dute egitasmoa, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean.

Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Uharte eta Zizur Nagusiko udalek antolatu dute egitasmoa, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean eta hainbat liburu-dendaren babesarekin.

Udal liburutegian euskaraz irakurtzea saritzeko, euskarazko liburuak erosteko deskontu txartela. Horixe da ‘Irakurri, gozatu eta oparitu’ egitasmoaren zioa. Iruñerrian euskara zerbitzua duten udalek, Topaguneak eta hainbat liburu dendak parte hartzen dute horretan: Karrikiri, Elkar, Katakrak, Marife, Ilargi, Zizur, Da2, Ixchel eta Kokoak.

˜Irakurri, Gozatu eta Oparitu” egitasmoa apirilaren atzo hasi zen. Liburuaren Nazioarteko Egunean. Katalanek Diada de Sant Jordi delakoa ospatzen dute egun horretan, elkarri arrosak eta liburuak oparituz. Amaiera, berriz, ekainaren 30ean izanen da: izan ere, uda izaten da askorentzat irakurtzeko garairik egokiena, eta ondorioz uda aurreko hilabeteak oso egokiak dira liburu trukea sustatzeko.

Parte hartzeko hiru pauso eman behar dira:

  1. Irakurri
    Lehenengo pausua irakurtzea da; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Herriko liburutegi publikora joan eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea besterik ez da egin behar. Kanpainak dirauen bitartean, euskarazko liburua hartzen duen bakoitzak orri-markatzaile bat jasoko du opari, ekimenean parte hartu zein ez.
  2. Gozatu
    Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun eta abar. Fitxa hori beteta, liburuzainak deskontu txartela emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
  3. Oparitu
    Azken pausua liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, bihotzeko azukre koxkorrari edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erosterakoan, horren prezioaren %25 ordaindu ahalko da, edo %50 euskara elkarteko kidea edo mintzalaguna/mintzakide izanez gero.

Horrez gain, maiatza eta ekainaren bukaeran, liburutegi bakoitzean, hile horretan parte hartu dutenen artean 30€ko balio duen txeke bana zozketatuko da

Egitasmoaren helburu nagusiak irakurzaletasuna bultzatzea, literaturarekin gozatzea eta gozaraztea dira, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.

Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi dituzte EuskaltzaleenTopaguneak eta tokiko antolatzaileek ekimen honen bidez:

  • Euskaldunei liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo izateko gonbitea egitea
  • Era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea
  • Azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!