Sarrigurengo ikastetxean 9 ikasgela zabaltzea ez da irtenbidea, guraso eta irakasleen idurikoz

Euskalerria Irratia 2015ko api. 21a, 08:25

Hezkuntza Departamentuak eraikin berri batean Haur Hezkuntzarako bederatzi ikasgela jarriko dituela iragarri du. Heldu den ikasturtean 215 haur berri izanen dira eta 10 ikasgela beharko lituzkete gutxienez. Protesta eginen dute bihar.

“Ez ditugu partxeak nahi, irtenbide egokiak baizik”, hala nabarmendu dute Sarriguren Eraikitzen: Hazi eta Hezi plataformak, Guraso Elkarteak eta irakasle kontseiluak. “Ikastetxe berri bat eraikitzea ezinbestekoa da: eraikin berria, patioarekin, jantokiarekin, ikasgela guztiekin, kiroldegiarekin eta irakasle taldearekin”, horixe da hiru taldeek eskatzen dutena.

Nafarroako Gobernuak eman duen erantzuna ez zaie egokia iruditu. Hezkuntza Departamentuak bederatzi gela irekiko dituela iragarri du, eraikin berri batean. Haur Hezkuntzako ikasleak sartuko lituzke bertan, baina, horiek ere ez dira kabitzen: “215 haur berri izanen dira heldu den ikasturtean eta 10 gela beharko lituzkete gutxienez”. Hezkuntza Departamentuaren proposamena partxea dela uste dute, eta benetako irtenbideak behar dituztela ohartarazi dute.

Bihar protesta eginen dute sortzen ari diren eraikin berriaren aurrean, eskatuz, egin dezatela ikastetxe berri bat eta ez soilik bederatzi gela izanen dituen egoitza.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!