Euskaltzaindia omendu du Orreaga Fundazioak, Nafarroaren Egunean

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 4a, 07:44
Andres Iñigo, Sagrario Aleman eta Patxi Zabaleta euskaltzainak, saria jasotzen (Argazkia: Euskaltzaindia)

Orreaga Fundazioak Nafarren Biltzarra ospatu du, urtero bezala, Foruen monumentuaren aurrean. Goiz osoan ekitaldi ugari egin dira Iruñeko kaleetan zehar.

Lau graduko tenperatura izan arren, jende ugari bildu da 11: 45ean Foruen monumentuaren aurrean, ospakizun herrikoiari hasiera emateko. Bertan aurresku bat dantzatu da eta lore eskaintza egin zaie beren bizitzan Nafarroa adorez, eskuzabaltasunez eta batzuetan beren bizitzekin defendatu duten guztiei.

Jarraian, kalejira koloretsu bat egin da Alde Zaharrean zehar, Estafeta, Mercaderes eta Chapitela kaleak zeharkatuz. Txistulariek, akordeoi-jotzaileek, trikitixek, gaita jotzaileek, dantzariek eta erraldoiek hartu dute parte kalejira horretan.

13:00etan, ekitaldi nagusia egin da, musika emanaldiekin (Pello Zabalza eta Gerar Ihidoi) eta bertsolariekin (Mikel Alzuart eta Bittor Elizagarai). Jarraian, 2019ko Pedro Mariskalaren saria eman diote Euskaltzaindiari, haren mendeurrenean, euskara zaintzeko egindako lanagatik, gramatika-legeak ikertu eta formulatzeagatik, eta hizkuntzaren erabilera eta eskubideak sustatzeagatik.

Izendapenak txalo zaparrada luzea jaso du. Pergaminoa jaso dute, eta, aldi berean, Orreagari eskerrak eman dizkiote izendapenagatik, Sagrario Aleman, Andres Iñigo eta Patxi Zabaletak.

Ondoren, Joxe Ulibarrena eskultore, zeramikari, idazle eta Museo Etnografikoaren sortzaileari lore sorta batekin aitortu zaio artista gisa eta, batez ere, Nafarroako maitale gisa izan duen ibilbide bizia. Amaitzeko, dantzarien eta ikusleen arteko jauziak dantzatu dira.

Arrano Elkartean Herri Bazkaria eginez, amaitutzat eman dira 2019ko Elkarteen Eguneko ekitaldiak, erakunde eta parlamentuak alde batera utzita eta gure baliabide tekniko eta ekonomiko mugatuekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!