2017rako aurrekontuak: UPNren politikei "osoko zuzenketa"

Euskalerria Irratia 2016ko aza. 23a, 19:47
Gaurko agerraldia Parlamentuan.

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra ados jarri dira heldu den urteko aurrekontuak aurrera ateratzeko. 

Nafarroako Gobernuak 4.024 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu zuen. Orain 98 zatikako zuzenketa hitzartu ditu laukoak 10 milioi euro inguru gehitzeko. Diru sarrera hauek BEZ eta PFEZ zergetatik etorriko lirateke. Era honetara aurten baino 193 milioi euro inguru gehiago izanen du gobernuak 2017an.

Adolfo Araiz EH Bilduko eledunak azpimarratu duenez akordio programatikoan jasotako neurriak "pixkana-pixkana" betetzen ari dira eta aurrekontuak "norabide onean" doaz.  Bestalde, Geroa Baiko Koldo Martinezen irudiko, UPNren politikei "osoko zuzenketa"egin diete aurrekontu hauen bidez.

Adostutako zatikako zuzenketa horien bidez diru sail batzuk handitzeko asmoa dago: helduentzako euskalduntzearena, koordainketa farmazeutikoarena, landa eremuan osasun arreta hobetzeko diru-saila, zerga iruzurraren aurkako plana finantzatzekoa edota ganadutegien azpiegituretarako laguntzena. Beste zuzenketen artean, garapenerako lankidetzaren finantzaketa igoko da.

Bihar, 2017ko aurrekontu proposamenari UPNk eta PPk aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bozkatuko ditu laukoak. Gainerako alderdien zatikako zuzenketak, berriz, "lauren artean" aztertuko dituztela aipatu du Koldo Martinezek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!