Asiron: "UPN oposizioa egiteko aurkitzen ari den bide bakarra zarata sortzea da"

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 21a, 08:33

> "[Ikasle greban] udaletxearen kontra jaurti zen botila bakoitza joan zen mobilizazioaren espirituaren aurka".
> "Hemen dagoena da lege marko bat guztiz injustua, diseinatu zena bakar bakarrik ikurrina pertsegitzeko".
> "Gaztetxea Iruñeko gazteriarentzat eta auzoarentzat izan behar da elementu positiboa".

 

Ikurrina, haur eskolak, ikasle greba... Askotarikoak izan dira Joseba Asiron alkateak Juan Kruz Lakasta kazetariaren gidaritzapean landuriko gaiak.

Ikasle greba. Istiluak izan ziren atzo Alde Zaharreko kaleetan, eta alkateak katramilatutako giro horri eutsi dio. "Anitza" da egin duen hausnarra, haren hitzetan. "Ez dut ulertzen nola egon daitekeen momentu honetan udaletxearen kontra hasi daitekeen pertsonarik". Irmo hitz egin du, ahoan bilorik gabe.

Alkatetzara heldu zenetik, udaletxeko ateak "irekita" egon direla ziurtatu du, bai eta "irekita fiosikoki irekita ere". Esaldi bakarrean laburbildu du: "Ateak irekita daude eta batez ere bihotza". Hala, herri eragileei harrera egin dietela ekarri du gogora, eta atzo "pena handiz" itxi zituztela lehen aldiz.

Nolanahi ere, ez ditu liskarrak nabarmendu nahi izan, "gertakari isolatuak" baitira. "Udaletxearen kontra jaurti zen botila bakoitza joan zen mobilizazioaren espirituaren aurka".

Ikurrina: denon ikurra?

Udaletxeetan ikurrina jartzea. Horra bigarren gaia."Ni ez nago inposizioaren alde, ezta ikurrina inposatzearen alde ere", adierazi du. Haatik, testuingurua aztertu behar delakoan dago. "Hemen dagoena da lege marko bat guztiz injustua, diseinatu zena bakar bakarrik ikurrina pertsegitzeko"

Hori dela kausa, ikurrina jarri edo ez tokian tokian aztertu behar dela dio. "Udal batzuetan erabakitzen bada gehiengo batek nahi duela, jarriko da, eta beste batzuetan ez, eta hori da demokrazia".

Haur eskolak aurrera

Euskarazko bi haur eskola gehiago irekitzea hartu du ardatz Asironek. Lehen bi zeuden, eta orain lau. "Bakar-bakarrik" bikoiztea da egin dutena, eta zenbakien norian igo da egoeraren nolakotasuna analizatzeko. "Bitik laura pasa gara, bai. Hamazazpitik".

Ohar bat txertatu du, zalantzari gera ez dadin: "Bermatuta dago erdaraz jarraitu nahi dutenen eskubidea".

Gaztetxea, beharrezkoa

"Aurrera" doa Caparrosoko txaleta. "Ez da korrika egiten ari". Bere denboran baino. "Txaleta egokitu egin behar da, ez zegoen pentsatua, nahiz eta egia den toki egokia dela. Konbentzituta gaude gazteriak lokalak izan behar dituela, eta hau izango da bidea". Hartutako erabakia berretsi du alkateak. 

Zesio bat dela argitu, eta baikor ikusi du. "Iruñeko gazteriarentzat eta auzoarentzat izan behar da elementu positiboa".

Autobus geltoki zaharrarekin zer?

"Zaindu beharreko eraikina" da autobus geltoki zaharra, Asironen hitzetan. Horregatik ekonomia solidarioarekin lotutako proiektu batekin  zabalduko dutela iragarri du.

Gainontzeko aldaketak ere aztertu ditu. Esaterako Trebatu proiektua. Horri esker, tokiko enpresa txikiekin kontratuak egitea lehenesten ari da udala.

Oposizioaren harrabotsa

Kritikak ez dira gutxi izan legealdiaren hasiera-hasieratik. Esanak esan, baina, Asiron ongi ari direlakoan dago. "UPN oposizioa egiteko aurkitzen ari den bide bakarra zarata sortzea da", salatu du. Baina "zarata" hori baino ez da, zarata. "Horren atzean deus ikusten ez duena da ikusten ez duelako". Intentzionalitate argia du estrategiak, kritikatu duenez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!