Sanferminak 2015

Aldaketa, Osasuna eta CAN nagusi peñen pankartetan

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 29a, 11:12
Pankartak Peñen egunean aurkeztuko dituzte jendaurrean, larunbatean udaletxeko plazan.

Larunbatean aurkeztuko dituzte oihalak, Peñen Egunean. Ehundik gora erraldoi eta buruhandi elkartuko dira eguna ospatzeko.

Umorea, aldarrikapena eta aldaketa dira aurtengo sanferminetarako Peñek prestatu dituzten pankarten protagonista: "Aldaketa politikoa nagusi da pankartetan: agurra alde batetik Yolanda Barcinari eta Enrique Mayari, eta erakundeetara iritsi direnak ere gogora ekarri ditugu Uxue Barkos eta Joseba Asiron besteak beste, Nafarroako Kutxaren auzia, Osasunaren auzia, etxe kaleratzeek eragin dutena, sare sozialetan izan den zentsura, eraso sexisten aurkako mezuak, auzipetutako gazteen irudia, entzierroaren mahaia... asko dira aldarrikatzeko erabili dituzten ideiak", azaldu du Itzi Garces Peñetako kideak. Nabarmendu duten bestea da, aurten inoiz baino margolari gazteagoak aritu direla oihalak apaintzen.

Uztailaren 4an aurkeztuko dituzte jendaurrean koloretako oihalak. Peñen eguna ospatuko dute larunbatean. Goizetik kalejiran irtengo dira Peña guztiak: "100dik gora erraldoi eta buruhandik hartuko dute parte aurtengo Peñen egunean", azaldu dute. Kalejira, artisau azoka, musika eta dantza izanen dira alde zaharreko kaleetan. Etxepareri omenaldia eginen diote 14:00etan eta 15:00etan bazkaria eginen dute.  Pankartak udaletxeko plazan erakutsiko dituzte, 20:30ean. Pankartak aurkeztu aitzin, elkarretaratzea eginen dute udaletxeko plazan eraso sexisten aurka: "Sanferminetan ere emakumeenganako indarkeria gaitzetsi eginen dugu eta parte hartuko dugu horretarako antolatzen diren ekimenetan". Gauean Tximeleta taldearekin dantzaldia izanen da San Jose plazan.

Kaleko giroan murgiltzeko helburua

Inoiz baino gehiago Peñetako kideek kaleak hartu nahi dituzte sanferminetan. Programazio zabala aurkeztu dute horretarako. Jarauta, San Franzisko plaza, Nabarreria eta Estafetan musika, dantza, kalejirak, bazkari eta afariak, ikuskizunak eta kale animazioak izanen dira.

Haurrentzako ekimenak ere prestatu dituzte. Uztailaren 8an, haurraren egunarekin batera, gosaria eginen dute umeentzat Santa Ana plazan. 12:00etan kalejiran joanen dira Zezen plazaraino. Uztailaren 9an eta 13an entzierro txikiak antolatu dituzte goizean eta 13an kalejirak eta ikuskizunak ere izanen dituzte umeek.

Zezenketetan 1978ko sanferminak gogoratuko dituzte

1978ko gertaerak izanen dituzte gogoan bereziki uztailaren 8an. Zezen plazara egun horretan musikarik gabe sartuko dira eta lehen zezena hiltzen duten arte ez dute jai girorik islatuko. Zezen plazatik ateratzerakoan ere isiltasuna nagusituko da. German Rodriguezen oroitarriraino eginen dute bidea, kanturik gabe.

Uztailaren 9an Peña guztiek kalejira bateratua eginen dute. La Veleta Peña omenduko dute eta horretarako 1931ko euren pankartetako baten erreplika aterako dute kalera.

Uhartera ere iritsiko da sanfermin giroa

Jai-Alai Uharteko pilotalekuan aurten ere eta hirugarrenez erremonte txapelketa antolatu dute Peñek. Uztailaren 7an, 9an eta 11n izanen dira partidak. Uztailaren 13an gainera, Labritera eramanen dute finala.

Erlazionatuak

Peñen Pankartak 2015

Euskalerria Irratia 2015 eka 29 Iruñea

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!