Kondestable jauregian ikusgai, sanferminetako kartel lehiaketako 96 finalistak

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 19a, 08:55
Sanferminak iragartzeko kartelen artean hauek izan ziren finalistak. Argazkia: pamplona.es

Ekainaren 26tik uztailaren 25era izanen da erakusketa zabalik. Javier Erize Larunberen kartel irabazlea, Kilikon, ere izanen da tartean.

Sanferminak iragartzeko kartel lehiaketara aurkeztutako lanak ikusgai jarriko dituzte Kondestable jauregian. Hautatutako 96 margolan izanen dira, tartean, sanferminak iragarriko dituen Kilikon kartela ere bai. Ekainaren 26tik aurrera zabalik izanen da erakusketa eta uztailaren 25a arte ikusi ahal izanen dira lan horiek.

462 lan aurkeztu zituzten denera sanferminak iragartzeko kartel lehiaketara: 202 Iruñeko bizilagunek aurkeztu zituzten eta beste 97 Nafarroako herri hainbatetako bizilagunek. 155 kartel Espainiako zenbait erkidegotako herritarrek bidali zituzten. Aurtengo finalista gehienak hori bai euskal herritarrak izan dira: zortzi afixetatik bost. Carlos Garciak Bartzelonatik bidalitako Mogollón afixa izan da bigarrena, eta atzetik geratu dira Fermin Goñiren La despedida de los gigantes, Xabier Iriarteren San Fermin Pamplona lovers, Beatriz Ramirezen 8 días de rojo y blanco, Javier Baldaren Urdin gorri, Javier Alvarezen Estallido & recompensa eta Eneko Las Herasen Hiria zabalik. Goñi, Iriarte eta Alvarez nafarrak dira, eta Balda, gipuzkoarra.

Aurten ere Caravinagre nagusi

Kilikon kartelak iragarriko ditu aurtengo Sanferminak. Javier Erize Larunbe iruindarraren lana olio-pintura da. Zortzi kartel finalisten artean botoen %29,4 jaso zuen Kilikon lanak. Caravinagre buruhandia ageri da parez-pare haur bat duela burla keinua eginez.

Laugarren aldia du kiliki ozpinduak sanferminetako karteletan. Duela hiru urte, Osaba Samen keinua egiten agertu zen, 1997an kilikiaren buruak iragarri zituen bestak, 1947an ere Caravinagre ageri zen afixan haur bat iletik tiraka zuela, eta 1984an ere kiliki famatuenaren burua agertu zen, nahiz eta kartel hartan San Fermin, zezenak eta konpartsako beste kide batzuk ere agertu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!