Larunbatean irekiko dute tonbola, 2,2 milioi boletorekin

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 28a, 13:25

Caritasen tonbolak 70 urte eginen ditu aurten. 330.000 sari banatuko dituzte: 5 auto zuzeneko sari izanen dira; teknologia berriko tresnak eta bertako produktuak ere protagonista izanen dira gainerako sarietan.

Sanferminei begira jarri dira Caritasen. Larunbatean zabalduko dute tonbola. 70 urte beteko ditu aurten. Ana Urmeneta da Tonbolaren arduraduna eta nabarmendu du aurten boleto gehiago jarriko dituztela salmentan: "Boleto gehiago egin ditugu iaz uztailaren 12an agortu zirelako".

Boletoen artean 330.000 izanen dira zuzeneko sariak izanen dituztenak, 550.000 reuna motakoak izanen dira eta zozketak izanen dituzte beste 1.320.000.

Aurten ere bost auto sari boleto zuzenetan banatuko dituzte. 22 boletotan 2.500 euroko saria Alde Zaharreko saltokietan gastatzeko. Egunero ia 9.000 sari banatuko ditu tonbolak.

Goizez eta arratsaldez izanen da irekia tonbola. Horretarako boluntarioen laguntza ere eskatu dute. Sari guztiak caritaspamplona.org webgunean kontsultatu ahal izanen dira. Ekainean asteazken eta ostiral arratsaldetan ikuskizunak izanen dira Sarasate pasealekuan.

Gobernu berriari, zaharraren eskaerak

Orain arte eskatutakoa aldarrikatuko diote Gobernu berriari: behar gehien duen herritarrari bideratutako politikak abian jartzea. Modu horretan eman ditu Angel Iriarte Caritaseko zuzendariak Nafarroan entitateak 2014an izan dituen diru-iturriak eta nora bideratu dituzten.

Norbanakoengandik jasotzen du Caritasek diru gehien: 2,5 milioi euro, bazkideengandik ia milioi bat euro, elizetan ematen dituzten laguntzetan, tonbolarekin eta beste ere jasotzen dute diru-laguntza. Guztira ia 6,5 milioi euro.

Nola banatu dute? Harrera programetara bideratu dute gehiena, baita etxebizitza programetara edo nazioarteko kooperaziora ere.

Nafarroako egoeraren argazkia egiteko baliatzen dituzte datu horiek. Horretarako aurten VII. jardunaldiak antolatu dituzte 'Nafarroako gizarte politiketako garapena eta pobreziaren' txostena aztertzeko. Astelehenean hitzaldiak eginen dituzte horretarako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!