‘Atsedena behar dugu’ kanpainari berriz helduko dio Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 21a, 16:58

Alde Zaharrean gaueko tabernetako bezeroek sortzen duten zarata gutxitzeko helburua du ekimenak. Ekainaren 12ra arte afixak, flyerrak eta mimoen ikuskizunak eginen dira.

Gaueko aisialdia eta auzolagunen atsedenerako eskubidea uztartu nahi dituen kanpaina da hau. Joan den urteko urrian bildutako Alde Zaharreko mahaian bertako auzolagunek, ostalari eta tabernariek erabaki zuten halako ekimen bat abian jartzea gau giroan sortutatako zaratek zer nolako ondorio kaltegarriak dituzten jendeari jakinaraztearren.

Abenduan hainbat afixa eta esekigailu paratu ziren asots gehien sortzen diren kaleetan, Nabarrerian, San Nikolasen, Merkatarien plazan edota Kaldererian, esate baterako. Haietan “Ez molestatu, mesedez, atsedena behar dugu eta” bezalako mezuak irakur zitezkeen gaztelaniaz eta euskaraz.  

Abenduan bezala, mimo ikuskizun batzuk eginen dira tabernetako bezeroei jakinarazteko gehiegizko zarata jasangaitza suertatzen dela aukideentzat. Emanaldi horiek gaueko 22:30etatik 0:30era eginen dira kalez-kale maiatzaren 22, 29 eta 30ean eta ekainaren 5, 6 eta 12an. Mimoek, bestalde, flyer edo informazio orri batzuk banatuko dituzte BIDI kode batekin. Haren bitartez jendeak jeitsi ahal izanen du mugikorrerako sonómetro bat duen aplikazio bat. Kalean une horretan dagoen zarata maila neurtzeko balioko die honek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!