Hockeyko Messi bat Arrotxapean

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 20a, 18:15

Lisandro Jofre deitzen da, argentinarra da, eta maiatzaren 2an Iruña Hockey taldearen elastikoarekin gol zinez ikusgarria sartu zion Getxoko Jolaseta-ri.

Patin-hockeyko Lehen Mailara igotzeko ligaxkako partida erabakigarria. Arrotxapeko Iruña Hockey eta Getxoko Jolaseta aurrez aurre. Talde iruindarra 4-3 irabazten ari da. Epaileak penaltia adierazi du, norgehiagoka amaitzeko 50 segundo falta direlarik. Lisandro Jofrek jaurtiko du. Aurretik partida honetan bi penalti bota ditu, eta biotan asmatu du, biotan sartu du gola. Estatistiken arabera, patin-hockeyan penaltien heren bat bihurtzen dira gol. Berriro asmatzen badu, garaipena eta igoera ziurtatuko ditu. Huts egiten badu eta kontraerasoan bizkaitarrek gola erdiesten badute, akabo garaipena eta akabo igoera.

Patin-hockeyan, penalti jaurtitzailea nahi adina hurbiltzen ahal da atera. Jofre mantso eta lasai abiatu da Jolasetako atezain Juan Barrentxearengana. Harengandik pare bat metrora dagoela, buelta erdia eman du Barrenetxearen, gainontzeko jokalarien, ikusle guztien harridurarako. Orduan, lasaitasun, gaitasun tekniko eta maisutasun ikaragarriz, bizkarrez iskin egin dio atezainari eta bizkarrez egin du errematea. Gola. Gol ikusgarria. Gol ikaragarria. Gol sinestezina. Messi futbolaean nola, halaxe aritu da Jofre patin-hockeyan.

Lisandro Jofre argentinarra da jaiotzez. Hamar urterekin heldu zen Iruñera. Egun 25 urte ditu. Maiatzaren 2an bete zituen, gol ikaragarri horren egunean. Abilezia handia du hockeyan aritzeko, baina gorpuzkera txikia. San Antonio talde iruindarrarekin Lehen Mailan aritu zen, baina gorpuzkera txiki horren ondorioz zailtasunak eduki zituen kategoria horretara egokitzeko. Aurrekoan egin zuen maisukeria horren ondotik, batek daki, akaso, agian, behar bada, talde handi batean berriz jokatzeko eskaintza iritsiko zaio.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!