Sanferminak 2015

Aurtengo txupinazoa La Veleta peñako kideen ondorengoek botatzea proposatu dute

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 8a, 14:02
La Veleta peñako kideak 1931n, zuriz jantzi ziren lehen urtean.

La Veleta-koak zuriz janzten lehenak izan ziren, 1931 urtean, eta 1936an peñako hainbat kide fusilatu zituzten. Iruñeko peñek eta Memoriaren Autobusak proposatu dute haiek omentzea, Txupin Etxepare ekimenaren bidez.

Juanito Etxepare izan zen txupinazoa jaurtitzen lehena. Udalari festen hasieran suziriak botatzeko baimena eskatzen lehena izan zen. 1931tik 1935era bota zuen txupinazoa. 1936tik aurrera, ezin izan zuen, hil zuten eta. Burlatarra zen, Iruñeko Kale Nagusian estankoa zuen, eta errepublikazalea zen. Jacan (Huesca, Espainia) Errepublikaren aldeko altxamendua egin zutelarik, Errepublikaren bandera jarri zuen estankoan. Batzuek gogoan hartu zuten, eta 1936ko altxamenduaren ondoren, frankistek fusilatu egin zuten.

Haatik, Iruñeko Udalaren webguneak bi zinegotzi eta kazetari falangistari egozten die txupinazoa asmatu izana.

Etxepareren omenez, Txupin Etxepare elkartea sortu dute Iruñeko peñek eta Memoriaren Autobusa plataformak. Gaur aurkeztu dute jendaurrean. Azaldu dutenez, sanfermin jaien izaera herrikoia berreskuratu nahi dute.

Lehen ekimen moduan, Etxepareren beraren eta La Veleta peñako kideen memoria berreskuratu nahi dute. La Veletako kideak sanferminetan zuriz janzten lehenak izan ziren. 1931n bururatu zitzaien hori egitea. Asko margolariak ziren, eta laneko jantziak aprobetxatu nahi izan zituzten festarako. Zenbait anarkistak ziren, beste batzuk errepublikazaleak. Hainbat fusilatu zituzten 1936an.

Uztailaren 6an, La Veleta peñako kideen oinordekoei Txupin Etxepare saria emanen diete, Angel Iribarren eskultoreak egindako oroigarria. Horretaz gain, aurtengo txupinazoa haiek jaurti dezatela proposatu dute. Hauteskundeen ostean eramanen dute euren eskaera Udalera. Alderdi politikoetako kideei galdeginen diete txupinazoa Veleta peñako ondorengoek jaurti dezatela.

Etxepare, Gazteluko plazan, txupinazoa botatzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!