UPNren eta PSNren botoek atera dute aurrera Maristen proiektu polemikoa

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 8a, 12:42

Zabalgunean 20 solairuko eraikina altxatzeko egitasmoak ozta-ozta egin du aitzina: 14 boto jaso ditu alde, eta 13 kontra.

Gai garrantzitsu batean beste behin ere eskutik helduta ikusi ditugu UPN eta PSN. Maristen proiektu polemikoa aurrera atera ahal izateko, Udal Plan Orokorra aldatu behar zen. UPNk eta PSNk alde bozkatu zuten. Geroa Baik, EH Bilduk, PPk eta IEk, berriz, kontra. Hori horrela, argi berdea eman diote Maristen ikastetxearen orubean, Zabalgunearen erdian, Alde Zaharraren ondoan, 20 solairuko etxe-orratza egiteari.

Oposizioko taldeek salatu zutenez, proiektua abiada susmagarrian egiten ari da aurrera, “etekin basatiak” emanen dizkie bultzatzaileei eta haren legezkotasuna “zalantzazkoa” da.  Kritika horien aitzinean, erregionalistek hilabete batetik hirura zabaldu zuten esposizio publikoaren epea, “hurrengo korporazioari auzia aztertzeko denbora emateko”, baina oposizioko taldeek ez  zuten haien jarrera aldatu.

Geroa Baiko Iñaki Cabasesek ez zuen kolokan jarri proiektua bera baizik eta proiektua aurrera ateratzeko abiada: “Eztabaida lasaia egin behar da, eta auzokoei parte hartzeko aukera eman behar zaie”.

Bilduko Eva Aranguren askoz gogorragoa izan zen. Bere diurikoz, “bultzatzaileek etekinik handiena ateratzea lehenetsi da, interes orokorra bazterrean utzirik”.

Aralarreko Aritz Romeok ere sustsuki egin zuen 20 solairuko dorrearen aurka: “Etika eta politika irizpideei erreparatuz, oso zaila da operazio hau defendatzea”.

PPko Jose Nuñezek bere alderdiaren kontrako jarrera azaldu zuen: “Ez dugu argi ikusten, ez dagoelako batere argi halako etxe-orratz batek zer nolako eragina edukiko lukeen auzoan, hiri paisaian”.

Izquierda-Ezkerrako Edurne Eginok salatu zuen herritarren parte hartzea eztabaida honetan “oso txikia” izan dela.

UPNren izenean, Juan Jose Etxeberria Hirigintza zinegotziak erronka bota zien egitasmoaren aurkako alderdiei: “Horrenbeste arazo ikusten badituzue, sala ezazue auzitegietan”. PSNk, berriz, tramitazioaren abiada azkarra defendatu zuen. “Proiektua aurkeztu zenetik bi urte igaro dira. Epe nahikoa da zalantza guztiak argitzeko”, azaldu zuen Jorge Morik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!