Askapeña legez kanporatzeko eskaera errefusatu dute Iruñeko peñek eta Gora Iruñeak

Euskalerria Irratia 2015ko api. 27a, 11:38

Bilboko konpartsa da Askapeña eta fiskaltzak legez kanporatzeko eskaera egin du. Babesa jaso dute Iruñeko taldeengandik.

Bilboko konpartsak, Gasteizko Txosnak, Donostiako Piratak eta orain Iruñeko Peñen Federazioak eta Gora Iruñeak babesa eman diete Askapeñari. “Festa herrikoiak kriminalizatzeko saiakera da, ez da bakarrik Askapeñaren aurkako erasoa, baizik, Euskal Herriko jai herrikoien kontrakoa izan da”, hala nabarmendu dute agerraldian Iruñeko peñetako ordezkariek eta Gora Iruñeko kideek.

Askapeñako kideak ere izan dira Gora Iruñea eta Iruñeko Peñen Federazioak eskainitako agerraldian. Ohartarazi dute “internazionalismoa eraso” dutela. Izan ere, bost kide atxilotu zituzten 2010ean Askapeñako kide zirelarik. Era berean bidezko merkataritzako Elkar Truke eta Herriak Aske taldeko kide ere badira. Bost kide horientzat fiskaltzak bost urteko espetxe zigorra eskatu du. 2010ean atxilotu zituzten Askapeñako bost kideak eta legez kanpokotzat jo zituzten hiru elkarteak.

Askapeñako kideek diote ez dutela ezkutatzeko deus: “Jaia gustuko dugu eta Askapeñan aritu gara festa giroa sortzen, herri giroko jaia eraikitzen. Gure lana publikoa izan da eta irekia”. Lanean segituko dutela ere jakinarazi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!