Parte hartzaileek 1.900 metro igeri beharko dute Allozko urtegian, ondoren 85 kilometro bizikletaz Aritzalekuko kanpina eta Iruñea artean eta bukatzeko 21 kilometroko laisterrean Alde Zaharrean, Gazteluko Plazatik abiatuta.
Saltoki Trikideak eta Trikua Kirol Elkartea dira frogaren antolatzaileak, Iruñelo Udala eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.
Froga 14:00etan hasiko da eta bertan 950 metroko zirkuitua egin beharko dute bi aldiz.
Jarraian, bizikleta gainean, Aritzalekutik abiatu eta Lerate, Lorca, Bilatorta, Oteitza, Larraga, Mendigorria, Gares, Etxauri, Ororbia eta Arazuritik igaro ondoren, hiriburuan sartuko dira Santo Domingo aldapatik. Udaletxe Plaza zeharkatuta, Txapitelatik Gazteluko Plazara iritsiko dira. 85 kilometro denera. Han bizikletak utzi eta zangoen gaineko lasterketari ekinen diote. 21 kilometroko lasterraldia, maratoi erdia, beraz. Hiru aldiz egin beharko dute Carlos IIIgarrenean hasiko den zirkuitua. Handik harresietara, Katedral aldera eta Zaldi Zurira joanen dira. Handik Arrotxapera jeitsiko dira, Arantzadiko baratzetako bidea egin, San Pedroko zubia, Runa parkea eta Santo Domingotik berriz gora Gazteluko Plazara. Anoa-postuak Zaldi Zurian eta San Pedroko zubian jarriko dituzte.
Bukatutakoan sari banaketa eginen da Gazteluko Plazan: 1.000 euro irabazlearentzat, 500 bigarrenarentzat eta 250 hirugarrenarentzat. Errelebutako mailari dagokionez, 200 euro jasoko du talde onenak.
Parte hartzaileen artean Gustavo Rodríguez, Espainiako txapelduna, distantzia luze eta ertainean, Raúl Amatriain Nafarroako txapelduna, Esther Rodríguez Espainiako txapeldun ordea distantzia ertainean eta Anna Noguera izanen dira.
Parte hartzaileen %80 Nafarroatik kanpokoak izanen dira eta, hiekin batera, 250 bat bolondres lanean arituko dira egun osoan zehar.