Hauteskundeak 2015

Aranzadi taldeak hautagaiak primarioen bitartez aukeratuko ditu

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 11a, 10:00

3.000 abal beharko dituzte hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko. Horiek lortzeko kanpaina jarriko dute abian apirilaren 1etik 20ra.

Aranzadi taldeak Iruñeko udal hauteskundeetara zerrenda aurkeztu nahi du. Hori horrela, zerrendaburua aukeratzeko eta gainerako hautagaien zerrenda osatzeko primarioak antolatu ditu. Astelehenean ekin zioten hautagaien aurkezpenarekin eta martxoaren azken egunera arte izanen da aukera botoa emateko. Bide horretan, apirilaren 1etik 20ra kanpaina jarriko dute martxan hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko babes nahikoa jasotzeko helburuarekin.

"Iruñean sufritu eta pairatu ditugun bidegabekeriak geldiarazteko eta udala erabat aldatzeko unea iritsi da", nabarmendu dute Aranzadi taldeko Paz Francesek eta Aitor Balbasek. "Aranzadi denon ekimena da,nahi duen orok har dezake parte", nabarmendu dute. Herritarrek Aranzadiren parte izan nahi badute martxoren 20ra arte aurkez dezakete euren burua zerrendako kide izateko. Horretarako Estafeta kaleko 57ra jo beharko dute: "oinarrizko balditzen inguruko informazioa helaraziko diegu interesa dutenei eta kode etikoaren inguruko xehetasunak ere emanen dizkiegu".

Lotura Podemos taldearekin

"Podemos taldearekin lotura duen jende anitz ari da Aranzadira hurbiltzen", adierazi du Balbasek. Zain daude Podemos Iruñeak zein pauso emanen duen, jakiteko Aranzadi ekimena babestuko duen jakiteko. "Podemosko sektore garrantzitsu batek dena dela, jada, babesa eman digu Aranzadi taldeari eta datozen egunetan babes handiagoa lortzea espero dugu".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!