Hauteskundeak 2015

Iruñeko udal bozetara hautagaitza aurkeztuko du Aranzadi taldeak

Euskalerria Irratia 2015ko ots. 10a, 19:45

Talde irekia, parte-hartzailea eta eraldatzailea direla diote. Herritarrez osaturiko hautagaitza osatu nahi dute, Guanyem Barcelona eta Ganemos Madrid taldeek bezala.

Hiritar hautesle zerrenda bat osatzeko prozesua hasi dute. Horretarako jardunaldi batzuk antolatu dituzte hilaren 20tik 22ra, zein hiri mota nahi duzu? galderaren bueltan. Udaletxe plazan egin duten agerraldian eman dituzte xehetasunak.

35 eta 40 herritar inguru biltzen ditu oraingoz Aranzadi taldeak. Hiriaren eredua aldatzeko helburuarekin jaioa da Aranzadi. Orain arte sortu duten eredu ustelari bizkar eman eta herritarrek behar eta nahi dituztenei erantzuteko asmoa dute. Udalerako hautagai-zerrenda osatu nahi du Aranzadik.

Adierazgarria da taldearen izena ere. Aranzadi hiriko eremu natural estimatua, baina azken lau urteotan sarraskia ere eginda eremua da.

Jardunaldiak hiru egunez
Jardunaldiak antolatu dituzte taldea ezagutarazi eta zein hiri nahi duten zehazten joateko abiapuntu gisara, lehen topagune hiritar gisara. Otsailaren 20, 21 eta 22an izanen dira, 15 lan ildo landuko dituzte, tartean: gazteria, euskara, ogasuna, ekonomia… Gotorlekuko Arma aretoan izanen dira.

Eztabaida sortu, lan talde irekian aritu, parte hartzea sustatu eta bestelako Iruñea bat sortzeko lanean hasiko dira: Hautagai zerrenda hori bai, jardunaldien ondorengo asteetan erabakitzen hasiko dira. Jardunaldien inguruko informazio gehiago eta sortu beharria den taldeari buruz, aranzadi2015.info webgunean aurki daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!