Apirilaren 28an eraila aurkitu zuten Regina Martinez bere etxeko komunean, Xapalan, kolpez josita. 30 urte zeramatzan kazetari eta ikerketa lanak egiten zituen narkotrafikoaren inguruan. Ez da aurten Mexikon asasinatu duten kazetari bakarra. Beste 3 kazetari erail dituzte azken urtean: Notiver egunkariko Yolanda Ordaz de la Cruz 2011ko uztailean aurkitu zuten lepoa moztuta, eta aurreko hilean Miguel Angel López Velasco, egunkari bereko zutabegilea, honen emaztea eta semeetariko bat tiroz josita erail zituzten. Kasu bakarra ez da argitu, ohi denez.
2011ko datuetara jotzen badugu, PEN International-eko Writers in Prison Committee-n (hau da, Idazle Kartelaratuen Batzordean) ditugun kasuak ikusita beren lana betetzeagatik 10 kazetari erail zituzten mundu osoan, eta beste 33 kasu ikertzen ari gara, ez baita argi motibazioa zein izan den, sumatzekoa den arren.
16 idazle edo kazetari desagertu dira, 108 kartzelan daude eta beste 133ren kartzelaratzea ikertzen ari gara; 187 epaiketaren zain daude, 136 atxilotu dituzte tarte laburrez, 81ek heriotza mehatxua jaso dute, eta beste 81ek bestelako mehatxuak eta 132 erasotuak izan dira Denetara 888. Hemen sartzen ditugu, noski, kartzelan dauden 30 idazle txinatarrak interneten bidez azaltzeagatik Txinako askatasun eza. Egunkariak itxita, internet dute hedabide bakarra.
Diogunez, egoera larriena duten herrialdeak dira Mexiko, Siria eta Turkia. Eta ezin dugu ahaztu Euskal Herria. Europa osoan bakarrik Turkian eta Espainian daude kazetariak kartzelan kazetari lana egite hutsagatik, beste deliturik izan gabe (Xabier Salutregi eta Teresa Todaz ari naiz, Egineko zuzendaria eta zuendariordea), eta hedabide enpresa bateko zuzendaritzako guztiak: Orain SL enpresako Jexuxmari Zalakain, Jose Luis Elkoro eta beste 8 bat lagun.