San Mames futbolzelaia da nire inguruko egunkariek azalera ekarri dutena. Sarritan egiten dute hori astelehenetan. Baina gaur, arrazoia ez da kirol-emaitzen berri hutsa ematea. Beste zerbait baizik. Albistegian bertan azaldu berri duzue gaia.
Iñigo Cabacas Athletic zalea omendu dute bart Bilbon. Koma egoeran eman du Iñigok astebete, eta, azkenean, Heriok hartu eta agur esan dio munduari.
Izugarria.
Iñigo Cabacasek buruan jaso zuen gomazko pilota baten inpakto zuzena, San Mames futbolzelaitik atera eta gero. Ertzaintzak egindakoa da Iñigo Cabacas hil duen tiroa.
Izugarria.
Polizia laguntzailea –laguntzen duen Polizia– behar du gizarte moderno batek, ez polizia zigortzailea –zigortzen duena–. Agintari politiko eta administratiboek berehala ulertu behar dute hori. Eta praktikan jarri. Eta hori horrela ulertzen ez duten agenteak, agian, zerbitzutik apartatu.