Krisialdi historikoan garela diote adituek. Krisialdi hau latza izango dela antzematen dugu hiritarrok. Ohiko ekonomialarien artean desorientazioa nagusitu da. Beldurra eta nora eza langileen artean. Orain arte normaltasuna izan dena ez omen dugu etorkizunean ezagutuko.
Amorruaren momentu honetan berpiztu da bizitza ezberdina asmatu eta egiteko premia. Zertarako abiadura handiko trena, autobideak edo zirkuituak? Zertan bihurtu gara amets inmobiliarioaren suari egurra oparituz? Zer da eta nola sortu dute jaten ari garena? Non dira gure zaharrak? Nola hezi ditugu ez diren haurrak? Zer da inguruekiko lotzen gaituena? Nola partekatzen ditugu etxeko lanak? Zer harrapakatzen dugu turismoa egiterakoan?
Aspaldiko partez etorkizunaz eztabaidatzeko gogoa nabaritzen den honetan, kirol profesionala, eta futbola bereziki, agenda guztietatik kanpo dago. Hiritar eta gizarte eragileen ahots kritikoak sortzeko tenorean kirolari profesionalak, hori hauspotzen duten kazetariak eta kirol konstelazio osoak bere horretan dirau. Gaiak ez dira txikiak: Ogasunekin dituzten zorrak, diru publikoaren mugagabeko morrontza, pertsonai mediatikoek duten irudi tamalgarria, jarraitzaile askorengan sortzen duten emozionaltasun zabarra edo jokaera faxisten aterpe izatearena. Gauzak horrela, adibidez, grebaren egunean Osasunaren profesionalek lan egin zuten. Modu berean jokatu zuten alde zaharreko dendariei, adibidez, eskirolak zirela oihukatu zitzaien.
Mike Davis-ek esaten du borroka egiten den garaietan ”udaberria urtarorik laburrena dela, bereziki mundu berri baten alde ari direnak ez dutenean proiekturik edo, gutxienez, irudi idealizaturik".