ON AIR bainoago ON STRIKE izanen da bihar Euskalerria Irratia. Irratiko langileok greba eginen dugu. Jakin badakigu, baina, protestaldiari egin deizaiokegun ekarpenik eraginkorrena hain justu protestaldiari buruzko informazioa zabaltzea dela. Gauzak horrela, programazio berezia prestatu dugu. Goizeko 8:30ean eta 13:30ean grebari buruzko -eta soilik grebari buruzko- albistegi nagusiak eginen ditugu. Eta, bion tartean, orduro, albiste emankizun laburrak eskainiko ditugu: 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan, betiere Euskadi Irratiko buletinaren ondotik. Lehen orduan, lan poligonoetatik zuzeneko konexioak prestatu ditugu. Manifestazio nagusietan izanen gara. Sindikalisten zein herritarren balorazioak bilduko ditugu. Greba orokorrari buruzko informazio zabal eta askotarikoa eskainiko dugu. Laburbilduz, Yolanda Barcina foru diputazioburuaren gustuko greba eginen dugu; izan ere, herenegun esan zuen berak gogoko dituen huelga bakarrak japoniarrak direla.