Murrizketa zaparrada alor publikoan

Euskalerria Irratia 2012ko martxoaren 21a

Nafarroako Gobernuak eskubideak inausi, kamustu eginen dizkie enplegatu publikoei. 25 milioi euro aurreztu nahi ditu aurten langile gastutik. Ordezko langile gutxiago hartuko ditu, ordu estrak laurden bat jaitsiko ditu, erretiroa hartzen dutenen postu asko bete gabe utziko dituzte, eta gaixotuz gero soldatatik puska bat kenduko diete. Guztira hamalau neurri.

Lau neurri onartu ditu gaurko gobernu bilkuran, (langileen antolamenduari dagozkionak) eta beste hamar proposatu dizkie sindikatuei funtzio publikoaren mahai orokorrean negoziatzeko (enplegatu publikoen lan eskubideei baitagozkie). Hori bai, hamabost egun eman die negoziatzeko.

Funtzio publikoak 13 milioi euroko defizitarekin amaitu zuen iaz, eta 2012a urte zaila izanen denez, murrizketa neurriok beharrezkoak dira, Roberto Jimenez, funtzio publikoko kontseilariaren arabera.

Jimenezek dioenez, beste toki batzuetan neurri gogorragoak hartu dituzte. “Begiratu, bestela, Galiza, Katalunia edo Euskal Autonomia Erkidegora”, esan die sindikatuei Gobernuko presidenteordeak.

Zein diren neurriak? Gaur Gobernuak onartu dituenak, lau:

Ordezkapenak murriztea, ehuneko hamabost: iaz baino ordezko langile gutxiago hartuko ditu administrazioak. Bost milioi euro eta erdi aurreztuko ditu. Osasunbidean eta hezkuntzan egiten dira ordezkapen gehien.

Osasunbidean, produktibitate osagarria, peonadak gutxitzea. 4 milioi aurreztu nahi ditu. Hori bai, itxaron zerrendak gutxitzeko plan bat lantzen ari omen da Gobernua.

Erretiroa hartuko duten funtzionarioen lanpostuen laurdena ez da beteko. Aurten, 500 bat enplegatu publikok hartuko dute erretiroa; 125 ez dira beteko. Aurreztuko den dirua 3 milioi euro.

Eta, laugarrena: ordu estrak jaistea, beste laurden bat. foruzainei eta suhiltzaileei eraginen die honek bereziki. 400 mila euroko aurrezpena.

Neurri hauekin 13 milioi euro aurreztu nahi ditu Gobernuak aurten.

Funtzio publikoko sindikatuei beste hamar neurri planteatuko dizkie, 12 milioi euro aurrezteko. Enplegatu publikoen eskubideei dagozkie, eta proposatzen die, besteak beste:

Plantilla izoztea: hau da, lan eskaintza publikorik ez egitea aurten.

Erretiro berantiarra galaraztea: hau da, 65 urtetik aurrera ezin izanen dute lanean jarraitu.

Edo, bajan daudelarik funtzionarioek jasotzen duten soldata berrikusi.

Irudia: Euskalerria Irratia

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!