Euskalerria Irrati lizentziaduna Iruñeko dialaren aniztasunari egin dakiokeen ekarpenik aberasgarriena delakoan gaude. Guztiz argi dauzkagu gure proiektuaren sendotasuna, bideragarritasuna, kalitatea eta beharra.
Hori horrela, Nafarroako Gobernuaren lizentzia lehiaketa aukeratzat hartzen dugu. Aurkeztuko gara. Beste behin ere proiekturik hoberena aurkezten ahaleginduko gara. Norgehiagokan sartu eta irabaztera jo behar dugu.
Hori bai, argi dago lehiaketako foru aginduan gauzak ez dizkigutela erraz jarri. Iruñean bi lizentzia besterik ez dute banatuko, eskaera handia izanagatik ere. Nafarroako Gobernuak gehiago eska ziezazkion Madrilgoari, baina ez du egin. Nafarroa osoan 44 lizentzia banatuko dituzte, baina bakar bat ere ez dute erreserbatu euskarazko irratientzat. Konparaziora, Eusko Jaurlaritzak emisio baimenen heren bat gorde behar du irrati euskaldunentzat.
Euskararentzat, 100 puntutik 5
Baremoak, gainera, oso balio gutxi ematen dio euskararen erabilpenari: 100 puntutik 5 gurean, Iruñean, Euskararen Legearen araberako eremu mistoan. Eta 100 puntutik 10 eremu euskaldunean. Konparaziora, berrikuntza teknologikoek 20 puntu balio dute. Hori gutxi bailitzan, 5 puntu horiek ez dituzte modu proportzionalean banatzen. Programazioaren %20 euskaraz eginez 5 puntuak eskura daitezke. Hortik gora programazioaren %50 edo %100 egiteagatik ez dituzte puntu gehiago ematen. Hortik behera egiteagatik bai, prorreatu egiten dituzte, puntuak kendu.
Legea aintzat hartu gabe
Gure aburuz, komenigarri litzateke irrati baimenak banatzeko lehiaketa deian espresuki adieraztea Euskararen Legeak komunikabideen arloan Foru Gobernuari jartzen dizkion betebeharrak. Eta Hizkuntza Txikien Babeserako Agiriak Administrazio Publikoei jartzen dizkien konpromisoak. Eta Madrilen Diputatuen Kogresuan, 2010eko martxoan onartu zen erresoluzioa. Eta Nafarroako Parlamentuak behin baino gehiagotan auzi honetaz adierazitakoa.
1998ko banaketam, epaiaren zain
Gogoan hartzekoa da Gobernuak 1998 egin zuen lizentzia banaketa oraindik epaiaren zain dagoela, Nafarroako Auzitegi Gorenak birritan baliogabetu baitu Euskalerria Irratia irrati baimenik gabe utzi zuen prozesu hura.
Gure Irratiaren orain arteko ibilbide legalaz informazio gehiago nahi duenak, klik egin dezala hemen.
Euskalerria Irratiko zuzendari Mikel Bujandaren balorazioa entzun nahi duenak, hor behean du audioa.