Irrati lizentzien lehiaketa abian jarri du Nafarroako Gobernuak, euskarari 100 puntutik 5 emanda

Euskalerria Irratia 2012ko otsailaren 29a

Jada ofiziala da: irrati lizentziak banatzeko lehiaketa abian jarri du Nafarroako Gobernuak. Gaurko gobernu bilkuraren ondotik eman dute ezagutzera. Eta bihar argitaratuko dute Aldizkari Ofizialean. Euskalerria Irratiak lehiaketan parte hartuko du, baldintzak egokienak ez izanagatik ere.

Orotara, 44 lizentzia dira. Bakar bat ere ez dute gorde espresuki euskarazko irratientzat. Bi besterik ez dute banatuko Iruñean. Baremoak euskararen erabilpenari 100 puntutik bost besterik ez dio ematen.

Hala eta guztiz ere, Sanchez de Muniain Gobernuko eledunak esan du lehiaketaren helburu nagusia dialean "aniztasuna ziurtatzea" dela.

Aniztasuna, existitzen ez diren eskaintzak, tokiko informazioa. Horiek guztiak bultzatu nahi dituztela diote, baina gero euskarari puntu guztien %5 besterik ez diote ematen Euskararen Legearen araberako eremu mistoan. %10ekoa, eremu euskaldunean. Alderaketa argigarria: berrizkuntza teknologikoei 20 puntu ematen dizkiote.

Horretaz galdetu diotelarik, Sanchez de Muniainek euskara babestu dutela erantzun du. "Lehen aldia da lehiaketako baremoan euskara modu derrigorrezko, objektibo eta zehatzean baloratzen dena", gaineratu du.

Baremoak puntuen erdia irrati eskaintzaren alorrari ematen dio. Horren barruan, eskaintzaren aniztasuna eta kalitatea hartuko dira aintzat, ekoizpen propioa, tokiko informazioa.

Puntuen beste erdia alor teknikoei doakie: sendotasun ekonomikoa, berrikuntza teknologikoak, lanpostu berrien sorrera.

44 lizentzietatik bi besterik ez dira Iruñerako, Nafarroako Gobernuak Madrilgoari gehiagorik ez diolako eskatu hiribururako. Baztanen, aldiz, hiru lizentzia banatuko dituzte, Leitzan edo Tafallan bezala…

Irratiek hilabeteko epea dute haien proiektuak aurkezteko. Eta Gobernuak beste sei hilabete, ebazpena plazaratzeko.

Irudia: Euskalerria Irratiak Erreniega mendian zuen antena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!