“Kalean protesta egiteak, mobilizatzeak fruituak ematen ditu. Dena ez dago Madrilgo eta Iruñeko parlamentuetako gizon horien esku. Guk ere konpon ditzakegu gauzak”. Hala uste dute Nafarroako Hiptekak Kalteturikoen Plataforman eta gainera hala dela frogatu dutelakoan daude. Izan ere, Berriozarren joan den ostiralean egitekoa zen etxe desjabetzea geldiarazi dute.
Santander bankuak ostegunean jakinarazi zion familiari geldiarazi egiten duela etxe-hustuketa, oraingoz, bi hilabetez edo. Idazkian dio akordioa lotu nahi duela eurekin, epaitegietatik kanpo. Oraingoan, eta oraingoz, herritarrek irabazi dute.
Dakitenez, bospasei familia daude Berriozarren etxea galtzeko arriskuan. Egoera muturrekoa da, Josu Osta plataformako kidearen arabera.
Abenduan hasi ziren antolatzen, familion egoera ez delakoan bidezkoa. Ostak dio, familiok azken urteotako burbuila inmobiliarioaren biktima direla, baina asko errudun sentitzen dira.
Estatu mailan abian jarria dute Hipotekak Kalte Egindako herritarrek Herri Ekimen Legegile bat. eta, hor aipatzen den neurrietako bat da De Guindosek aipatu duena. Legea aldatu bitartean, desjabetzeak etetea, eta alokairu soziala bultzatzea ere proposatzen dute.
Josu Ostaren idurikoz, Nafarroako Gobernuak sustatu beharko luke alokairu soziala.
Baina, administrazio publikoetatik neurririk hartzen ez duten bitartean, banku eta kutxek etxebizitzak kentzen jarraituko dute. Bihar bertan, Berriozarren. Arratsaldeko 7:30erako deitu dute elkarretaratzea familia horri elkartasuna adierazteko.
Hipoteken inguruko datua, Nafarroako Estatistika Institutuak emana: Duela bi urte baino hipoteka gutxiago sinatu dira iaz. 5 mila eta ia bostehun sinatu ziren, duela bi urte baino ehuneko hogeita bi gutxiago. Batez beste, 120 mila euroko hipotekak dira.
Pello Argiñarena lankideak elkarrizketa egin dio plataformako eledun Josu Ostari.
Irudia: Nafarroan Hipotekak Kalteturiko Herritarren Plataformako eledunak, 15miruna.org-en argazkian.