Xanti Begiristain: "Alferrikako azpiegituretan xahutzen dute dirua, eta premiazko laguntzak ukatzen dituzte"

Euskalerria Irratia 2012ko otsailaren 16a

Ekonomia, murrizketak… Albistegien zatirik handiena hartzen duten gaiak dira azken boladan. Baina, egoeraren larritasunaz konturatzeko, kasu zehatzak ezagutzea komeni izaten da, eta hala egin dugu Pasahitza saioan.

Xanti Begiristain izan da gurean. Irakasle izandakoa, Iruñeko udalean zinegotzi, eta irrati honetako kolaboratzaile eta laguna. Giharretako distrofia progresiboa duenez, mugitzeko arazo handiak ditu, gero eta gehiago. Gaztetatik ibiltzen da motor aulkian. Mendekotasun handia aitortua dio administrazioak, eta laguntza ematen dio bere etxean bizitzeko. 162 euro.

Laguntza eskasa, ia hutsaren hurrengoa. Duela hiru urte hasi zen jasotzen laguntza hori Xanti Begiristain. 227 euro eman zizkioten 2010ean; iaz, bi euro gehiago. Aurten, murriztu egin diote, 162 eurora. Mendekotasun handia duenez, laguntza behar gauza asko eta askotarako.

Eta, Xanti ez da bakarra. Nafarroan hamabost mila eta hamaika lagun daude egoera horretan. Eta, guztiek jasotzen duten laguntza eskasa, aurten eskasagoa. Xanti Begiristainek, irakaskuntzatik erretiroa hartuta egonik, soldataren ehuneko ehuna jasotzen du, baina auzibidean sartua dauka gaia, medikuek ere aitortua baitiote gehiago kobratu beharko lukeela.

Begiristainek dio, asko direla bera baino egoera ekonomiko larriagoan daudenak, soldata txikiagoarekin, edo langabezian. Erretiroaren inguruko epaiketa gaur zortzi izanen du.

Lerroon ondoan, Xanti Begiristain Larreko Saria jasotzen ageri da. Euskalerria Irratiak 2008an eman zion.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!