Itzaletan zabaldu da itzala
eta laino artean galtzen doaz
mezu ederreko lainoak. Soseguz.
Zutik igartzen ditugun arren
oroitzapen ahul bat dira hiria
trakets ixten duten harresiak.
Altxatu zituzten biztanleen aurka
eraiki zituzten haietariko batzuk,
arantzak barrurantz bilduta. Guk
ez dakit zertaz defendatu nahi dugun
elkarren besoetara honela jaurtita,
eta zer hondatzeko prest gauden
baina nahikoa zait keinuaren premia
igartzeko guztiaren atzean badela
isilean irauten ahal duen zerbait,
badela infinitu zantzuren bat
gauzarik behin-behinekoenetan ere,
beti dorpeki inguratuko gaituena.
Une batez beste mende bateko hitzak
eskatzen dizkit zure haragiak, eta
urrun, orbel idor artean dabilela
sakelakoak jotzen dio norbaiti.