Elixabete Garmendia: Argazkirik gabeko argazkia

Euskalerria Irratia 2012ko otsailaren 7a

Ez dago argazkirik albistea ilustratzeko, eta gainera berandu iritsi da berria. Izenburuak honela dio: “Bi langile larri daude Abiadura Handiko Treneko lanetan izandako eztanda baten ondorioz”.

Ostiralean gertatu omen zen ezbeharra, Antzuolan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zehar Abiadura Handiko Trenaren ibilbideak daukan tunelik luzeenean. Zaurituak 27 eta 33 urteko gizonezkoak.

Argazkirik ezean, imajina dezake batek leherketa efektu berezietako zine irudiak kopiatuz. Ez da gustuko ikuskizuna. Imajinatu bakarrik ez, susmatu egiten du batek Abiadura Handiko Trenarena bezalako obra erraldoietan, aurreikuspenak eginda egongo direla gerta daitezkeen istripuei buruz. Proiektuan ez da, jakina, hori hitzez hitz azalduko, mozorrotuta baizik, atal eufemistikoren batean.

Hogeita hamazazpi egun xahutu ditu urteak eta dagoeneko lau hildako izan dira Euskal Herrian lan istripuetan. Hiruko erregela aplikatu eta hogeita hemeretzira iristen da 366 eguneko urte honetan izan daitezkeen hildakoen kopurua. Kalkulu optimista ateratzen da, iaz laurogei izan baitziren urte osoan lan istripuen ondorioz bizia galdutakoak.

Ohartzerako estatistiken hotzak harrapatu nau. Argazkirik ez daukan albisteak tira eginda.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!