Zuri-beltzez jantzitako dantzari bat hartu dut gaur goizean gogoan. Distiratsuak dira haren larruzko abarketak. Eta gorria, daraman gerrikoa. Ez dut musika entzuten, baina aurreskua arituko da dantzatzen: agur gisa, ohore gisa, esker gisa.
Hogeita bost urte bete dira Sartagudan ikastolak ateak ireki zituela. Gaur, Ibaialde ikastola da hark sortutako olatu euskaldunari eutsi nahi dion euskal eskola. Eta, ospakizunak ospakizun, diru-arazo larriak dauzka.
Administrazio nafarrak iturri motza du euskararentzat. Gauza jakina da hori. Ez da erraz ulertzen nola egin dakiokeen boikota hain modu bortitzean altxor bati. Baina halaxe egiten zaio euskarari: boikota.
Euskararentzat diru-iturriak ireki ez, eta beste inork ez irekitzea, horixe nahi du Gobernu Nafarrak. Gipuzkoako Diputazioak eskainitako diruak sortu du eskandalua. Giputzaren dirua ez omen da zilegi Nafarroan. Arrotza da. Zikina.
Nonbait, Nafarroan, Ibaialde da atzerriko diru zikina jasotzen duen eskola bakarra. Nonbait, Opusek eta Jesuitek Nafarroan inbestitzen dutenean, purifikaturik dakarte dirua: garbi-garbia… Vatikanoaren bedeinkapenak nafar egiten du diru arrotza. Horretan ere, zortea batzuek.