Beroaldi siberiarra

Euskalerria Irratia 2012ko otsailaren 6a

Fenomeno paranormala Eusko Jaurlaritzan

Siberiako hotzaldiaren erdian, Gasteizen tenperatura -7 gradukoa zelarik, lehendakariak eta sailburuek Eusko Jaurlaritzako lorategian egin zuten bilera, soinean mauka motzeko kamisetak eta bermudak besterik ez zeramatela. Are gehiago, denek aurpegia gorriturik zuten, bero latza pasatzen ariko balira bezala, eta gehienak izerditan ari ziren. Serio Demoniok jakin ahal izan duenez, bilkuran PSEko presidente Jesus Egigurenen aste honetako adierazpenak aztertzen ari ziren: Euskal Herriko konstituzioaren aldeko aldarria eta euskara hutsezko EITBren defentsa. Zertaz ari ginen jabeturik, Txikiteroa, beti bezala, labur baina sakon, oso sakon mintzatu zitzaigun: “Otegik ere okntuz ibili beharko luke. Martxa honetan, espetxetik ateratzen denerako, Egiguren izanen da ezker abertzaleko lider nagusia, eta berak bigarren planoan geratu beharko du”.

Lokuzio berria

Bengoa Osasun sailburuak dio ETAren bonba batek desagerrarazi zituela haur lapurtuen inguruko zenbait dokumentu, 1975an. ETAk, baina, 1982an jarri zuen lehendabizikoz bonba bat auzitegi baten aurka. Balorazio asko egin daitezke Bengoaren adierazpenon inguruan. Horietako bat, akaso lokuzio berri bat asmatu duela, erabilera anitz eduki dezakeena, eta denborarekin ETAren bonbak tribializatuz indarkeriak herri honetan eragin duen samina ahantzi-arazten ahal duena. Ikasleak irakasleari: “Ezin izan ditut etxeko lanak egin ETAren bonba batek desagerrarazi dituelako”. Nerabeak gurasoei: “Ezin izan dut zuek agindu bezala etxera hamaiketarako iritsi, autobusa hartu behar nuelarik ETAren bonba batek desagerrarazi duelako”. Lan bila dabilen pertsonak lan elkarrizketa egiten ari zaionari: “Ezinen dugu argitu eskatzen duzuen lizentziatura dudan ala ez, bonba batek unibertsitateko artxiboa desagerrarazi duelako”.

Kontzeptua

Gipuzkoako Diputazioak Lodosa-Sartagudako Ibaialde ikastolari 24.000 euro ematea “injerentzia hutsa da”, Yolanda Barcina diputazio-buruaren arabera. Injerentziaren kontzeptua ez zaigu argi geratu. Hainbat galdera sortu zaizkigu: Erriberan uholde handiak gertatzen badira eta Gipuzkoako suhiltzaileak laguntzera joaten badira, hori ere injerentzia izanen da? Erriberan lurrikara handia gertatzen bada eta Nazio Batuen Erakundeak kasko urdinak bidaltzen baditu, hori ere injerentzia izanen da? Espainiako Gobernuak Itoizko urtegia, Nafarroako ubidea edo Abiadura Handiko Trena ordaintzea, injerentzia al da? Nafarroako Opus Deiren Unibertsitateak eta bere ikerketa zentroak Nafarroatik kanpoko hainbat diru laguntza jasotzen ditu: hori ere injerentzia al da? Edo injerentzia bakarrik da kanpoko norbaitek Nafarroako Gobernuak hondoratu nahi duen hori salbatzen laguntzea?

Eskola zaharreko motibazioa

Azkenaldian, askok euskal kulturarekin loturiko diskurtso zaharrak kritikatzen dituzte: azkenmoikainismoa, azken euskaldunak izatean bilatzea euskaldun izatearen balioa, euskara Europako hizkuntzarik zaharrena delako maitatzea eta abar. Guk geuk egin izan dugu, eta berritzearen premia nabarmendu izan dugu. Alta, zenbaitetan diskurtso zaharrak dira hobekien funtzionatzen dutenak. Adibide paradigmatikoa: Siberiako hotzaldia pairatzen ari garen honetan, zein da jendea Euskal Herriko Estepara, hau da, Erriberara, Lodosa-Sartagudara, hango ikastola salbatzeko antolatu duten festara joatera animatzeko modurik eraginkorrena? Zalantza izpirik gabe, eskola zaharrekoa: ba al dakizu hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ez dutelako hitz egiten baizik eta dakitenak hotz pixka batengatik kikildu egiten direlako? Hotz pixka bat egiten duelako abandonaturik utziko al ditugu Erriberako azken euskaldunak? Zer da fuerteagoa, Siberiako hotza ala gure euskaltzaletasuna? Bagara ala ez gara? Ez al dugu aski gonadarik? Ez al dugu odolik zainetan?

(Patxi Huarte Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak 2012ko otsailaren 5ean Berrian argitaratua)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!