Lodosako Ibaialde ikastolan festa handia eginen dute igandean. Batetik, haien 25. urteurrena ospatzeko; bestetik, ahalik eta diru gehien lortzeko. Izan ere, ikastetxea egoera ekonomiko larrian dago. Euskalerria Irratiak festa lagundu nahi izan du, bere programazioan ospakizunaren iragarkiak txertatuz. Lodosara joan gabe ere edonork lagun dezake, dirua honako kontu korronte honetan sartuz: 3035 0153 46 1531026051.
Hainbat musika taldek ere kolaboratzeko prestutasuna azaldu dute. Hori horrela, herriko pilotalekuan, besteak beste, Bizardunak, Ze esatek! eta Zopilotes Txirriaus taldeak entzun ahal izanen dira. Txarangak eta dantzariak ere izanen dira, baita taloak eta ikastolaren aldeko materiala ere. Bestalde, La Montañesa konpainiak linea berezia antolatu du. Tiketak 7 euroan salduko dituzte. Autobusak 10:00etan abiatuko dira Iruñetik Sartagudara, eta itzulera 18:45ean eginen dute.
Mende laurdeneko ibilaldia
Mende laurden darama Lodosako ikastolak foru administrazioaren oztopoak gaindituz eta euskararen normalizazioaren alde etengabe lanean. Ibilbide luze eta korapilatsu hori ospatzeak merezi duelako, hainbat ekimen antolatu dituzte egun osorako.
Goizean omenaldi berezia egingo diete ikastolan izandako lehendabiziko bost ikasleei. Egun 74 ikasle daude, eta bederatzi irakaslek eta idazkari batek osatzen dute lan taldea. Irakasleak kezkatuta daude egoera ekonomikoaren ondorioekin. Guztiek murrizketa nabarmenak jasan dituzte soldatetan eta batzuek lau hilabete daramatzate ezer kobratu gabe. "Proiektuaren oso inplikatuta gaude, baina egoera ez da batere xamurra", azaldu du irakasle batek.
Aurrematrikulazioari begira ere kezkati agertu dira. Gurasoek izan ditzaketen zalantzak uxatu nahi dituzte, kalitatezko hezkuntza baten aldeko konpromisoa azpimarratuz. Ikastolen aldeko apustua egitera deitu dituzte gurasoak.