Happy end

Euskalerria Irratia 2012ko urtarrilaren 16a

Goñi Tabernako Konferentzia

Askotan esan izan da Espainiako indar polizialek ETAren buruzagitzan infiltratuak dituztela. Bon, bada, irudi luke ETAk ere infiltratuak dituela Eusko Jaurlaritzan, zehazki lehendakariaren gertueneko aholkularien artean; izan ere, ulertezina da nola bururatu zaion Patxi Lopezi Aieteko Bake Konferentziaren bertsio pop bat antolatzea, baldin eta etsai batek maltzurki aholkaturik izan ez bada. Gure Txikiteroari azalpen posible bat otu zaio: lehendakariak Susan Sharandon ezagutu nahi zuen, eta Konferentzia amets hori gauzatu ahal izateko aitzakia moduan antolatu du. Oso teoria inspiratzailea da. Are gehiago: Goñi Tabernako kideok geure Konferentzia propioa antolatzera bultzatu gaitu. Zaldieroa dabil, buru belarri, antolatzaile lanetan. Katy Perry ezagutu... Barka, gonbidatu nahi du, Konferentziaren ikur, aurpegi nagusia izan dadin. Ez du zertan deus jakin Euskal Herriaz. Baina Susan Sharandonek ere ez. Ditxosozko errelatoa osatzeko, Zaldieroak Tabucci bezalako idazle zaharkituak alde batera utzi, eta zinemagile baten aldeko apustua egin nahi du: Woody Allen. Ideia ikus-entzunezko errelatoa osatzea da, pelikula formatuan. Allen zuzendaria izanen litzateke. Zaldieroa, aldiz, gidoigile eta protagonista, Katy Perryrekin batera. Dioenez, oso argi du euskal jendarteak merezi duela sufrimenduz beteriko gatazka honen errelatoak amaiera zoriontsua izatea, happy end bat edukitzea. Horregatik, gidoia lehen eszena idatziz hasi du. Plano sekuentzia luzea da, 15 minutukoa. Gernikako arbolaren aurrean grabatuko dute eta euskal jendartearen berradiskidantzaren alegoria bat izanen da, adieraziko duena ikuspuntu ezberdinak izateagatik ere, euskal herritarrek elkar maite behar dutela. Zaldieroak eta Katty Perryk elkarri musu luzea ematen dioten bitartean, kamera batetik bestera mugituko da, maitasun eszena hori ikuspegi guztietatik eskaini ahal izateko: plano zenitala, pikatua, normala, kontrapikatua, orokorra, orokor motza, ertaina, ertain motza, lehen planoa, lehen plano gertukoa eta, amaitzeko, detailezko planoa.

Internazional kontsumista

Ohitura zaharrei jarraiki, gaur, amaitzeko, tutti-fruttia. Bat: Donostian Aieteko Konferentzia egin zutelarik Amerikako Estatu Batuetako tren batean sartuta egoteagatik kritika ugari jaso zituen Patxi Lopezek. Horri aurre egiteko, hori baliogabetzeko, Eusko Jaurlaritzaren Konferentzia egiten dutelarik zer egin azaldu diote lehendakariari bere aholkulari susmagarriek: kritikatu Arnaldo Otegi, Euskal Herriaren etorkizunerako erabakigarria den Konferentzia egiten ari den bitartean Euskal Herritik kanpo egoteagatik, Logroño aldean, kolpe zorrik jo gabe. Bi: Espainiako Justizia ministro Ruiz Gallardon Gasteizen eta Iruñean izan da aste honetan. Bisitan esan du legeak ez duela onartzen taldekako neurririk, irtenbide kolektiborik, euskal presoen auzian. Autokritikatzat ulertu dugu; izan ere, eta bistan denez, Espainiako Gobernuak urteak daramatza euskal presoen kolektibo osoaren aurkako neurriak hartzen, preso guztiak talde bakartzat hartuz. Hiru: iragan igandean Bilbon hiru dendak ateak zabaldu zituzten, eta hainbat sindikalistak protesta egin zuten haien aitzinean. Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuorde Pilar Zorrilla bertaratu zen, zabaltzea erabaki zuten dendariei sostengatzera. Adierazpen haluzinagarriak egin zituen: “Herritarren libreki erosteko eskubidearen aurka egiten ari dira”. Gazteleraz, atentar aditza erabili zuen. Protestaldi baketsua herritarren eskubideen aurkako atentatu bilakaturik. Oso haserre zirudien. Bazirudien edozein unetan, internazional kontsumista abestuko zuela: “Zutik iganden kondenatu, zaren erosle tristea...”. Sistemarentzat -to eta no klixe merkea-, gizabanakoa ez da eskubide zibili, politiko, sozialak dituen herritarra baizik eta libreki erosteko eskubidea duen kontsumitzailea. Lau: ETB Iruñean lurreko telebista digitalaren bitartez ikus daiteke jada. EAko zenbait militantek emisorea eta antena jarri dute Erreniega mendian. 11.000 euro aski izan dira hori egin ahal izateko. Nafarroako Gobernuak milioi bat euro behar zirela zioen. Foru Gobernuko eledun Sanchez de Muniainek esan du Erreniegakoa antena pirata eta ilegala dela. Zenbaitetan ez dago zertan baloraziorik erantsi.

(Patxi Huarte 'Zaldieroak' eta Juan Kruz Lakastak urtarrilaren 15ean, Berria egunkarian argitaratua)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!