Iñaki Irisarri
Udazkenean, ganadu-feriak maiz ikusten ahal ditugu Nafarroako zenbait herritan. Eta horietako batera hurbilduz gero, kontu bitxi bat ikusteko parada izaten da, eta ez naiz astoez eta zaldi-behorrez ari, ekonomiaz ari naiz; bai, ekonomia erreala ikusiko duzue bertatik bertara.
–Mandoa zenbatean da? –Hainbeste duro. –Kario samarra... Behorra?
–Hainbestean... –Buoh!
Eta horrelaxe aritzen dira tratulariak, usadio zaharraren antzera, ekonomia erreala egiten. Akaso kontzeptuak oso ongi ezagutu gabe, baina izugarri trebeak dira eskariaren eta eskaintzaren arteko oreka horretan. Azkenean prezioa pixka bat beheratu, eskainitakoak pixka bat gora egin, eta hortxe tratua.
Oraingo ekonomiak, ordea, mundu birtualean du oinarria, eta ez hainbeste mundu errealean. Eta faktore berriak sartu dira tartean, besteak beste, espekulatzaileak. Inork ez daki oso ongi espekulatzaileak nor diren, hodei moduko zera birtual batean bizi omen dira, baina sekulako eragina dute lehengaien prezioan adibidez, eta gaur egun, ditxosozko zorra dela eta, erreka jo arte estutzen ahal dute herrialde bat. Eta ez da deus egiten horren kontra.
Nik espekulatzaile horiek irudikatzen ditut, adibidez, Elizondoko ferian muturra sartzen negozioan ari diren ijitoaren eta baserritarraren artean, eta, ez dakit, ijitoak makila astindu, Basaburuko semea mekagüendioska hasi, eta espekulatzaile horiek hanka egin beharko lukete handik, edo txerri-bazka bihurtu, aukeran.
Beraz, lagunok, hemendik gonbita, munduko ekonomista eta teknokrata guztiei, heldu den igandean, Lizarrako Feria. Ordura arte!
[display_podcast]