Danborenearen diru sariaz

Euskalerria Irratia 2011ko azaroaren 30a

Edurne Begiristain

Duela gutxi Espainiako Gorteek diputatuen eta senatarien ondasunen, errenten eta ondareen berri eman zuten. Horrekin batera, jasotzen dituzten pentsioak edota laguntza ekonomikoak ere argitaratu zituzten. Horri esker jakin zen Ricardo Garcia Danborenea PSOEko diputatu ohiak eta GAL auzian zigortutakoak hilero 2.061 euro kobratzen dituela.

Alegia, estatu terrorismoan parte hartu zuen pertsona bati, Segundo Marey bahitzeagatik zazpi urteko kartzela zigorra ezarri arren, bete egin ez zuen pertsona bati, laguntza ekonomikoa ematen diote Gorteek. Ez dago gaizki gogoratzea, halaber, Danboreneak pentsioa jasotzeko eskubiderik ez zuela sortu diputatu izan zen garaian, eta beraz, diru laguntza emateko erabakia zeharo politikoa izan dela.

Espainiako demokrazia eskasaren adibide lotsagarriaren salaketa Eusko Legebiltzarrera eraman zuen atzo EA alderdiak. Eta Legebiltzarrak erabaki zuen ez diela Gorteei eskatuko Danboreneari diru laguntza hori kentzeko, beste ganbera batzuen eskumenetan esku hartzea litzatekeelako hori egitea. PSEk, PPk eta EAJk hala iritzi zioten, behinik behin.

Kuriosoa da ganberen autonomia eta eskumenak errespetatzeko eskaria estatu terrorismoaren biktimen memoriaren eta duintasunaren gainetik jartzea. Biktima horiek gehiago merezi dute. GAL auzian zigortutakoak indultatzea gutxi iruditu ez, eta orain estatuak hiltzaile bati hilabetero bimila eurorekin saritzen duela ikusi beharko dutelako. Eta horren aurrean PSE, PP eta EAJk ezikusiarena egin dute.

Kuriosoa.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/11/edurnebegiristain20111130.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!