Zaborraren trena

Euskalerria Irratia 2011ko azaroaren 28a

Josi Basterretxea

Gazteak dira gaur protagonista argazkian. Hiru gazte, txima luze horietakoak. Hile hori bat eta bi beltzaran. Lo daudela ematen du, baina burkoari erreparatuta, orduan konturatu naiz zertan ari diren. Trenbidera daude lotuta, kateatuta: erraila dute burko. Bi mila eta bostehun tona hondakin nuklear daraman konboia geldiarazi nahi dute. Alemanian daude. Frantziatik abiatu da trena.

Urtero urtero gertatzen den protesta da. Alemaniar horiek ez dute inoren hondakinetan ito nahi. Tren zikinaren aurka egiten dute protesta. Gizarte zikinaren aurka. Zabor nuklearraren aurka.

Hogei mila polizia mobilizatu dituzte, konboia babesteko, bidea irekitzeko zama nuklearra daraman trenari. Gizakia da, animalien artean, bere hondakinetan itotzen den bakarra. Ez naiz zoologoa, baina inguruko animaliei begiratuta, hala iruditzen zait.

Ez dut ardirik ikusten mendian bere hondakinetan itota, ezta behirik eta behorrik ere ez. Bestela da kortan, ukuiluan daudenean preso, gizakiaren mende: harentzako lanean. Orduan, inoiz, komeriak. Inoiz, ardia zikin. Inoiz, behia zikin.

Plastiko, beira, zabor nuklearra… gure hondakinetan itotzeko, noren ukuiluan gaude gu gizakiok? Noren kortan? Noren edo zeren preso gara?

Izan aske, entzule. Adio!

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/11/josibasterretxea20111128.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!