J eta M —Gizona, izaki patetiko hori—

Euskalerria Irratia 2011ko azaroaren 28a

Josu Jimenez Maia

Azaroko goiz horretan iratzarri, eta berehala zer-edo-zer gaizki egiten ari zeneko irudipena izan zuen J-k. Begiak itxirik, besoa luzatu zuen eta aztarrika hasi zen, baina bakarrik M-ren gorputzak utzitako epeltasun sumagaitza antzeman zuen maindireen tolesduretan. Sukaldetik zetozen zarata lausoek berretsi zioten susmoa. Begiak itxita izanik ere, maindire eta burusiak pentsatu gabeko mugimendu azkar batez baztertuta, bi oinak batera atera zituen ohetik. Artean ez zen neuronak martxan jartzeko gauza eta oinekin kausitu zituen etxeko zapatilak. Ohartu baino lehen, oinak bere kasa sartuak ziren zapatiletara. Begiak zabaldu gabe zituen J-k, betazalen arteko zirrikitu ñimiño batekin nahikoa baitzen logelatik sukalderaino joateko.

Sukaldera sartu zenean, artean ez zen deuseztarako gauza, eta begiak erdi-irekiak erdi-itxiak zituen, patetiko xamar. Irratiaren kalaka gogaikarriaz gain, ogi xigortuaren usaina eta M gosaltzen ari zela nabaritu zuen. Era berean, M-rekin batera semea ere mahaira eserita zegoela eta zekalezko krispeta kurruskatsuen zarata aditu zuen —grausk, grausk—.

- 'Gunon'-  murmurikatzeko gai izan zen J, eta barneko harrak gaztigatu zion goiz horretan ez zegoela giro sukaldean.

Begi bat bestea baino pixka gehiago zabaldu zuen, horrek zer-edo-zer berezia antzemateko aukera emanen balio bezala. Baina ez, artean ez zen gauza. Kafe-makina piztu eta kafe kapsula urdin bat aukeratu zuen: Vilvalto longo. Barneko harrak esaten zion Vilvalto longo bat —aukeran oso-oso Vivalto— beharko zuela. Kafe-makinari espresso zeriolarik, J-k profitatu zuen makarrak kentzeko eta, horri esker, lortu zuen bi begiak zabaltzea ia-ia ehuneko hirurogeita hamabostean. Azukre koskor bakar bat gehitu zion kafe apartsuari eta mahaira eseri zen. Azukre koskorra murgildu zen, azukre koskor orok bere buruaz beste egiteko berezkoa duen irmotasunarekin.

Koilara ttipiarekin irabiatzen hasi eta, orduan, emaztearen eta semearen arteko begirada  bat gurutzatua zela iruditu zitzaion. Barneko harrak beste mezu bat igorri zion eta, orduan, hatz koskoekin begiak inarrosi eta gero, emaztea gurina ogi xigortuan zabaltzen ikusi zuen punta zorrotzeko ganibet handisko batekin. Beharbada, ohi baino bortizkiago zabaltzen ari zen gurina ogi xigortuan, munta handiko eginkizun bat bailitzan; semea ere krispeta kurruskatsuak irensten ari zen, ohi baino zaratatsuago —grausk, grausk, grausk—, tarteka hari, marteka amari, begira.

Denbora tarte lauso bat  eman zuen irabiatzen eta kafearen usaina sudurzuloetatik sartzen zitzaiolarik, nabaritu zuen buruko neurona batzuk hasiak zirela iratzartzen. Kafea behar zuen. Katilua hartu eta ezpaineratu zuen. Eta Vivaltoaren lehen xurrutada hartzerakoan nabaritu zuen emazteak semeari keinu bat egin ziola, baina J-k ez zuen asmatzerik izan zer esan nahi ote zuen keinu horrek. Kafe bigarren xurrutadak beste neurona multzo bat piztu zion, eta barruko harraren ohartarazpena argi eta garbi aditu zuen: “Hi, zer-edo-zer galtzen ari haiz!”

Irratiaren kalakak neurona gutxi batzuk bahitzen zizkion: gutxi batzuk, baina nahikoak. Irratian, politikari astun batek hizkuntza lardaskatzen zuen, eta mordoilo hori ulertzeko neurona gehiegi behar zuenez gero, J-k mugimendu zakar batez botoia zapaldu, eta isiltasuna nagusitu zen.

Halere, ez zen ausartu emaztearen eta semearen arteko hitzik gabeko komunikazioa urratzen, baina katilua mahaian utzi eta argi nabaritu zuen “zerbait” ari zela gertatzen egun horretako goizean... Tamalez, artean ez zen gauza deskodetzeko semearen eta amaren arteko mezu enkriptatu hori.

Begiak ehuneko ehun zabaldu zituen, horrek balioko balu bezala hitzik gabeko mezua, begira-konplizeen trukaketa hori, ulertzeko. Baina ez zen gauza izan.

Orduan M-k begiak J-rengan finkatu eta ganibetarekin gurina ebaki ahala, J-k sentitu zuen ganibet zorrotz horren xafla beste zerbait ere ari zela ebakitzen.

Azkenik, semeak isiltasuna urratu zuen:

“-Aita, atzo, zertarako joan ginen Alde Zaharreko denda horretara?”

Eta galdera horrek J-ren buruko neurona guztiak astindu zituen azaroko goiz horretan, M-k, J-ren emazteak, urteak betetzen zituen azaroaren 23ko goiz horretan.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/11/josu-jimenez-maia1.mp3]

 Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!