Aingeru Epaltza
Ez zen normala Joseba Sarrionandiak Euskadi literatur saria ez izatea. Anormalitate horri zuzenbidea eman zion aurtengo epaimahaiak, “Moroak gara behelaino artean” haren saiakera sarituz. Potro pare batekin, dena erratera.
Bertze epaimahaiak izan dira lehenago horretara ausartu ez direnak, nahiz eta aitortu behar 2011n hori egitea errazagoa zela lehenagoko urteetan baino begi-bistakoak diren arrazoiengatik. Normaltasun nahi horri, ordea, bertze anormalitate batekin erantzun zion Jaurlaritzak: saria bai, baina dirurik ez, idazleak Justiziarekin dituen kontuak argitu arte. Argitu du, noizbait, argitu beharrekoa Auzitegi Nazionalak.
Garbi dago iurretarra. Normaldu da anormalitatea. Sarrirendako izanen da, sarri, sariaren dirua. Dena guztiz normala izateko gauza bakarra falta dugu orain: Sarrionandia bera izatea gaur, Gasteizen, saria eskuratzera hurbiltzen dena. Ez dut oraino horren esperantza galdu.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/11/psh05516.mp3]