Anuska
Lanpostua izatea gauza handia da azkenaldi honetan. Beraz, lana baduzu, ezin kexatu, eta kexatzen bazara, lotsa apur batez egingo duzu eta ahapeka, zorionekoa baitzara estresatua egoteko motiborik baduzu! Nomina bat duenak altxorra du. Nominari dena zor diogu, eta zaindu beharrean gaude, are gehiago, hura ez galtzeko, duenak, edo hura lortzeko, ez duenak, edozein gauza egiteko prest egon behar du. Eta azkenean, badirudi nominaren jabeak baino nomina dela gutaz jabetu dena.
Eta logika honi jarraiki, nominaren gabeko lanak, noizbait garrantzirik izan badute, gaur egun inoiz baino debaluatuago daude.
Hortan dabilena, noizbait porrota edota nekea sentituko balu, lotsatu ez, ia ia ezkutuan eramango du bere etsipena. Azken finean, inork ez dio esku artean daraman hori egitera behartzen. Utz dezala eta kito, edo behintzat, ez dadila kexa. Zer merezi duen eta zer ez diruak erabakitzen omen du eta.
Diruak edo arrakastak, edo beste edozein etekin neurgarriak. Zeren eta badira sozialki onartuak dauden eginbehar ez ordaindu batzuk, ez pentsa, ez omen gara eta horren merkantilista: familiarekiko zaintzak, adibidez, edota zaletasun praktikoak: sukaldaritza ikastaroak edo ariketa fisikoko milaka bertsioak. Azkenean, hauek denek nolabaiteko onura sortzen dutelako norbera edota ondokoarentzat, hain estimatua dagoen jendea ezagutzea, ahaztu gabe...
Baina bada hauetako inongo saririk lortzen ez duen jarduerarik, ezerren truke egiten denik.
Asmatu al duzue zertaz ari naizen? Zer da definizioz ezerrengatik eta ezerren truke egiten dena?
Ba... artea. Bai, artea arteagatik soilik eta soilagatik egiten dena da. Edo plazer hutsagatik, edo gauzak ondo egiteagatik, trebatzeagatik, munduari zerbait oparitzeagatik, bueltako ezerren esperoan egon gabe. Hori egiten dute artistek artea egiten dutenean, tontolapiko horiek, temati inozoak. Eta arrakastarik ez badute lortzen, horien artean tontoenak bihurtzen dira laster.
Argiñek urteak daramatza argudio hauek behin eta berriro entzuten, eta behin eta berriro bereak kontrajartzen. Hasiera batean bere idazkiak txalotzen zituzten ingurukoek, eskolako eskulan politak balira bezala. Baina heldua da dagoeneko eta gauza serioetan jardun behar omen du orain, eta artea ez da serioa, mediatikoa ez bada. Argiñe ez da mediatikoa, ez du ordainsaririk jasotzen, ezta arrakastarik izan. Baina idazten jarraitzen du, eta zergatia bilatu beharko banu, bere baitan dagoen zerbait dela esango nuke. Berak horrela esan dit beti, eta sinesten dut, beste askok ez bezala. Beste askok ez dute ulertzen, eta nekatuta dago Argiñe.
-Idazten jarraitzen duzu? -galdetzen diote, eta ondoren, galdera beldurgarria: -Eta zer argitaratu duzu? Ah, eta non idazten duzu, orduan?
Azkenaldi honetan ez du bere proiektuetaz hitz egiten. Eta gutxika gutxika jendeak ez galdetzea lortu du. Poliki poliki ezkutatzen joan da. Bere lanpostuaz, telesailetaz, krisi ekonomikoaz, bere benetako lanaz ez beste gauza guztietaz dihardu lagunarteko hizketaldietan. Baina nik ondo ezagutzen dut eta konturatu naiz.
-Zer ari zara idazten orain? - galdetu nion aurreko egunean.
Tinko begiratu zidan eta gero, bazter batera eramanaz: -Olerki sorta bat, fantasiari buruzkoa.
-Zeinen ongi! Noiz ikusi ahalko dugu?
Bera sorbalda jaso eta berehala konturatu nintzen esateaz damututa zegoela. Ni ere emaitzen eske ari nintzaion. Eta emaitzik ez bazen? Horrek nekatzen zuen, ez lanak, ez mila orduetan egindako lanak. Alferrikako lana izatearen beldurra zen. Zer esan ez nekiela geratu nintzen. Eta hemen nago gaiari bueltak ematen orain.
Emaitzarik hoberena askatasunez sortutako lana bera dela, ez etsitzeko, bere hitzen opariak ematen jarrai dezala, inbidia diodala, eta ezkutatu nahi badu, egin dezala, tontolapikoak gu garela, neurgailuak aldrebestu ditugula, munduak bera bezalako pertsonak behar dituela, beste mundu baten sortzaileak. Hori dena esango nioke. Hori dena esango diot noizbait, eskubide osoz, kexatuko bada.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/11/anuska.mp3]