Aspaldian irakurritakoak

Euskalerria Irratia 2011ko azaroaren 8a

Izaro Arroita

Aspaldi irakurritako testu batzuk ekarri nahi nituzke hona, berrirakurtzea birziklatzea delako neurri handi batean; berritu egiten ditugulako behin eta berriz testuei ematen dizkiegun esanahiak, gure bizipenei eta irakurritako beste testuei lotuta, sareak osatuaz.

Eta sareaz ari garenez, Italo Calvinoren Le città invisibili (gazteleraz Las ciudades invisibles) liburu zoragarri horretako pasarte bat aukeratu dut, euskaratuta eta moldatuta irakurtzeko. Liburuan inperioko ziutateak deskribatzen dizkio Marco Polok Kublai Kan enperadoreari eta horietako bat da Octavia, armiarma sarearen moduko hiria:

“Sinetsi nahi baduzue ongi. Orain esango dut nolakoa den Octavia, armiarma sarearen moduko hiria. Amildegia dago bi mendi malkartsuren artean: hiria hutsaren gainean dago, bi gailurrei lotuta sokaz, katez eta pasabidez. Egurrezko langetan kontuz dabil bat, hanka zirrituetan ez sartzeko, edo kalamuzko sare bati heltzen dio gogor. Behean ez dago ezer ehunka eta ehunka metroan: lainoren bat; beherago amildegiaren hondoa sumatzen da.

Hau da hiriaren oinarria: pasatzeko eta eusteko balio duen sare bat. Gainerako guztia, gorantz jo beharrean, beherantz dago zintzilik: sokazko zurubiak, hamakak, poltsa formako etxeak, esekitokiak, terrazak, zahagiak, isurbideak, erregailuak, saskiak lokarrietarik zintzilik, karga-igogailuak, dutxak, trapezioak eta eraztunak jokoetarako, teleferikoak, lanparak, landare zintzilikariak dituzten ontziak.

Amildegian esekirik, Octaviako biztanleen bizitza ez da beste hirietakoena bezain zalantzazkoa. Badakite sarearen erresistentziak muga bat daukala”.

Jarrai genezake sareari tiraka, eta eguraldi triste hau “lagun”, Octaviatik beste ziutate batera joan gintezke; Atxagak idatzitako eta Ruper-ek Hautsi da Anphora diskoan kantatutako beste hartara:

Herdoilaren tristeziarekin batera,

ziutate honen soinekoa udazkenetan lanbroa da;

eta bere sabaia laino baso bat,

non bizi den ilargiaren badaezpadako agonia.

Eta kalatxorien habi eskaleen sakelak,

eta sukalde proletarioaren argi urdinskak

murraila erraldoiaren begi gauero.

Zubi zaharrenetatik

ibaiari so berripaper saltzailea

hitz ezezagunen hiztegi bati bezala;

bus txofer batzu bozeolari hilaz mintzatzen,

apatridak bailiran trenak

memoria karrilen fatalitatean galduz;

denboraren oihal xinglea arratsezkoa soilik;

arrabita baldarren nostalgia kantoietan,

eta harantzago mozkorrak,

kalegarbitzailearen beilegi bizia,

beste zubi bat, prostitutak.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/11/izaro-az.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!