Pierre Paul Etchegoyen, Aitzinagako abadea

Euskalerria Irratia 2011ko azaroaren 7a

Josu Jimenez Maia

Pierre Paul Etchegoyen abadea fite sartu da iluntzean ostatu txipira, beltzez eta gurutze handi bat lepotik zintzilik daramala. Lucien baserritarrak ez ikusiarena egin, eta hasieran ez du zirkinik ere egin, baina jiratu da hitz hauek aditzean:

- Lucien, hirekin behar diat mintzatu; presazko kontua duk.

Baserritarra aulki xumetik altxatu, eta kanpora joan da apaizari jarraiki, ostatuko beste lagun guztien begiak garondoan iltzaturik sentitzen dituela. Kaleko txoko batean, begi-zoliengandik apartean, apaiza xuxurla mintzo zaio.

- Saint Claire-ren inguruan gizon ezezagun batzuk ibili dituk gaur. Susmatzen diat  Gestapo-koak litezkeela. Ez hadi agertu biharko hitzordura, badaezpada ere.

Baserritarrak irudikatu du abadea paperak-eta erretzen beheko suan, eta, arrapostua jakinik ere,  galdetu dio:

- Bainan, segur Gestapoko-ak direla?

Lucienek hasieran pentsatu du abadea ez ote den gizon ezezagunen kontu hori estuegi hartzen ari. Alta, abadeak  esku batekin heldu dio gurutzeari eta beste eskua Lucienen besaburuan jarrita irmoki ihardetsi du:

- Bizitza huntan, seme, deus ere ez duk segur, heriotza baino... Otoi, lagundu behar didak. Hire esku gelditzen duk lagun horiek gordetzea eta eramaitea, bainan ez itzak eraman elizarat,  zer gerta ere. Eta hi ere, adi ibili. Orain joan behar diat. Jainkoak lagun gaitzala.

Lucienek ez du sekula ikusi abadea horrela. Normalean aitorlekuan elkartu dira gaueko lan horietaz mintzatzeko... Herriko ostatu txipi horretara agertzea ere! Baserritarra ostatura itzuli, eta mahaira eseri da lagunen begiradapean. Ahots larriz adierazi die lagunei Parisen bizi den arrebaren senarra oso gaixorik dagoela, eta laster abiatu beharko dela Parisera.

Gaur horretan bertan, Pariserat baino, Hegoalderuntz abiatu da mendian barna bi hegazkinlari amerikar eta beste hegazkinlari britainiar batekin. Endarlatsa parean makurturik gurutzatu dute Bidasoa, karabineroak ohartu gaberik, eta goizaldeko bostetarako Gipuzkoako baserri batera heldu dira, neka-neka eginda eta aldez hitzartutakoa baina egun bat lehenago. Egun oso bat eman dute gorderik eta, atseden hartuta eta ederki berdindurik, hurrengo egunean Britainia Handiak Donostian duen kontsuletxera heldu dira hiru hegazkinlariak, ongi, onik eta uros. Lucien ez da Aitzinagako bere etxera  itzultzerik izan: kontsuletxean jakinarazi diote Hendaian sarekada izan dela, eta Lucien-en baserrian ere egonak direla Gestapo-koak.

Pierre Paul Etchegoyen abadea 1944ko urriaren 26an hil zuten, gaur bezalako egun batean, Dachau kontzentrazio esparruan.

Abadeak, finean, arrazoi: “Bizitza huntan deus ere ez duk segur, heriotza baino“.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/11/josu-jimenez-maia.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!