Aitor Etxarte
Ziudadelako hamaikagarren arte erakusketatik Merced kalera itzultzen naizela, nire baitari aitortzen diot ibilaldia atsegina egin dudala baina ikusitakoak, berriro ere, ez zuela merezi.
Arte plastikoetan, agian, kulturgintzan inon baino agerikoa da krisialdia.
XX.mendearen hasieran abangoardia ezberdinek utzitako arrastotik ez du ematen ezer interesgarria sortu denik mendebaldean deitzen dugun honetan. Inpresionismoa, sinbolismoa, arrazionalismoa, surrealismoa, dada, espresionismoa eta abarren ondoren, zer? Etengabeko errepikapena, aurretik zegoena lapikoan behin eta berriro sukaldatuz. Dena gainegosia, erreta, lizuna, zimela.
Bitartean, museoak galeria komertzialak bihurtu dira gero eta gehiago ustezko “jenioak” mito sortuz, hau da, muturreko originaltasuna, gaitasuna eta marka errepikaezina egiten dutenen akademia. Hildakoekin egitea bide bat izan du eta hara non agertu dira banakako erraldoiak, baita sorkuntza kolektiboan lan egin dutenean. Bizirik direnekin, zorioneko komisario, komunikazio talde eta espekulatzaileek beti eduki dituzte kritiko-laguntzaile filibusteroak. Nola ulertu bestela batzuen arrakasta eztabaida ezina?
Hamaikagarren produktu plastiko antzuen aurrean, nork-noiz-non dio honek izugarria ematen du?
Clement Greenberg pop arteak aurreko abangoardien joera kritikoekin bukatzen duela azpimarratzen du esanez: pop artea ospakizuna da, klase ertainaren kultura balioak eta bizitzeko tankeraren isla, berrikuntzetan baino errepikaketan oinarritua, artearen munduari baino artearen negozioan interesa daukana.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/11/psh05392.mp3]