Egun historikoa(k)

Euskalerria Irratia 2011ko urriaren 25a

Aitor Etxarte

Eskolan ikasi dugu iragana, oraina eta etorkizuna bata bestearen jarraipen direla  denboraren katebegiek segida hori dutela. Eztabaida ezina da, agerikoa. Erlojuak denbora ulertzeko modua markatzen du, baina sarri askotan gure buruan beste denborak antzematen ditugu.

Merced kaleko balkoian, begirada galdu eta animoa nagitzen hasten denean, sena lausotzen da eta mandoen apatxen klinka-klonka erritmikoa entzuten dut, ijitoak palmak jotzen  eta ai-aiiiai txilioka sumatu, buru gainean airea zast ebakitzen dituzten enara saldoek eta gorago zikoina gure burua etorkizunean behatzen duela eta, batera, guk jaio gabe diren gure ondorengoak kale kantoian solasten direlarik ikusten ez dituzten keinuak egiten dizkiegula.

Eta bitartean, parean lorontziak txorro-txorro freskatzen dituen bizilagun eternoak, beti hor parean izan garelako biok, agurtzen dugu elkarri.  Oraingo geranioak, aspaldikoen alboan dira eta sumatzen dira ondoren loratuko direnak. Han behean, kalea osatzen duten oraingo harri zabalek ez dute ezkutatzen lehen ziren galtzada-harri txikiak eta hauek bistan lagatzen dute aurreko lurra eta ur putzu ugariak.

Azken astea berezia izan da. Orainaren aldarrikapen alaia ekarri du, iraganen aniztasuna garratza edo etorkizun miragarrien aldarri. Hori baino nahasiagoa izango dela sentitzen dut.

Flaubertek esan zuen: etorkizuneko pentsamenduak mintzen gaitu eta iraganekoak geldiarazi. Horregatik orainak gure adimenetik ihes egiten du behin eta berriro.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/10/psh05377.mp3]

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!