Anuska
Lagunen baino, haien alderdi zehatz baten inguruan aritzen naiz hemen hilabetez hilabete. Eta arrazoia sinplea da: arreta bideratzeko egiten dut hori. Badirudi gauzak egiteko beste modurik ez dela, banan banan eta arretaz, baina ez dezagun ahaztu nire pertsonaia hauek hemen bakarrik direla pertsonaiak, irrati kronikatxo hauetatik kanpo, pertsonak direla, bere mila alderdi eta konplexutasunekin.
Barkaidazue hitzaurre agian alferrika eta errepikakorra, baina gauza hauek gogoratzea ez da txarra. Gure artean ez du, akaso, garrantzirik, nire ezagunak ez direlako zuenak, baina pentsa zenbatetan pertsonak pertsonaiak bihurtzen ditugun, haien izaeraren alderdi bakar bat bere nortasunaren zutabe eta gorputz osoa bilakatzen dugunean.
Asteburu honetan Luciaren urtebetetzea ospatu dugu. Niretzat oso pertsona berezia da Lucia, eta luze egon naiz oparituko nionari bueltak ematen. Gauza bakarra argi nuen, berak irakatsitako zerbait bueltan eman nahi nion, berak niri oparitutako ikasgai inportante bat, hain zuzen. Orain ulertuko duzue zergatik, eta nola lortu nuen hori.
Lucia hezitzailea da eta teoria oso argia, eta garbia esango nuke, du heziketaren inguruan: pertsonen garapena bultzatzeko haien lorpenak hartu behar dira kontutan eta ez haien porrotak. Eskolan, adibidez, beti gutxiegi ateratzen duenari kalifikazio on bat eman behar zaio noiz edo noiz, pertsona guztiak saritu egin behar dira, batzuk besteengandik baztertu beharrean, horrek pertsona hori ez berriro saiatzera eramango duelako. Horrelako kasuak denok ezagutzen ditugu, ezta? Eskolako ergelak. Eta helduon artean, zenbatek ezin du bere estigma, bere marka, gainetik kendu? Eta gehiago esango nuke, markak ez dira beti ezkorrak, zerbaitean oso trebea izateagatik ere izan daiteke pertsona bat markatua, zentzu onean bada ere, oso baloratua izango da, baina honek ere ondorio bera ekar dezake: horregatik beragatik ez da beste ezer egitera ausartuko.
Lucia ausarta da, eta aipatutako teoria hau praktikan eramaten du hezitzen duen jendearekin, baina baita gauza sinpleenetan ere. Egia esan, bizipenetatik jaiotakoa da bere teoria, teoria on guztiak bezala. Berak ere edozein arlotan sartzen du eskua, trebea ez bada ere: berdin dio praka bat josi edo margolana egin bere lagun bateri oparia egiteko.
Horregatik, bere urtebetetzerako, zerbait berezia egin nahi nuela eta norbaitek zerbait idazteko proposatu zidan. Idatz iezaiozu poema bat, asko poztuko da, zuk hobekien egiten dakizuna da.
Eta beharbada bai, poztuko zuen, baina nik, bueno, nik ausarta izan nahi nuen. Eskulanetako liburu batzuk hartu nituen, haurrenak (nire maila oso bajua izan behar zuela, urtetan ez baitdut halakorik egin), eta horietako bat aukeratu ondoren, beharrezkoa erosi eta lanari ekin nion. Eta badakizue zer? Ez naiz eskulanetan horren txarra, eta asko gustatu zitzaion, emaitzagatik ez dakit, baina, honengatik bai: bere aurrean, konfiantzarekin, salto egin nuelako.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/10/anuska-web.mp3]