Elixabete Garmendia
Argazki album bihurtu da gaur BERRIA egunkaria; azalaren herena baino gehiago hartzen duenaz gain, beste hamaika orrialdeetan datoz argazkiak, zuri beltzean nahiz koloretan, neurri zabal eta handian edo sekuentzia bakarra osatzen duten txikiagoetan.
Atzo arratsaldeko bostetan Aieteko belardira atera zirenean Kofi Annan, Gerry Adams eta konpainia, aurretik antz eman gabeko tankera hartu genion jauregiari: giro ingelesa esan zuen batek, british-a besteak, eta Stormonteko irudiak ekarri zizkion gogora hurrengoari. Honenbestez, oraindik Francoren udako egoitza gisa gogoratzen dugun lekuari, beste izaera bat gainjarri zaio atzotik.
Lupaz begiratu ditugu gorbatak eta trajeak –Gro Harlem Brundtlandena barne-, akreditazio txartelak, nor norekin zetorren, esku emateak, irribarreak, Pierre Joxeren itxura nola aldatu den Frantziako Barne Ministro izan zenetik, nor norekin erretratatu den…
Eta orain album horren segida barruntatu nahian gabiltza. “Segimendua”n irudikatu ditu hain zuzen ere Zaldieroak The Organization-ekoak; betiko itxuran, beltzez jantzita eta mozorroaren gainean txapela. Nolakoa izango ote da ETAkoen hurrengo agerpena? Egongo ote da irudirik edo ahotsik?
Ezinbestean, atzoko argazkien atzean daudenak datozkigu gogora. Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta eta konpainia; makilaren gainean itsatsitako argazkietan ikusi izan ditugun presoak; argazki izoztuetako protagonistak. Eta atzokoa ezagutzeko zoria –zori ona- izan ez duten joandako lagunak.