Sariak Sarri

Euskalerria Irratia 2011ko urriaren 11

Patxi Zubizarreta

16: 32. Barkadazue amaieratik hasten banaiz. Zin dagizuet ikasturte hasierarako beste lan bat prestatua nuela Euskalerria irratiko lagunentzat. Baina albisteak hain zuzen ere Cuban harrapatu nau, J.S.ri urtero egin izan diodan bisita egin eta gero. Eta albistea 2011ko Euskadi Saria da, hain zuzen ere Sarriri eman berri diotena Moroak gara behelaino artean? entseguagatik.

Albistea aireportura bidean jakin dudanez, nire gaia beste baterako utzi, taxista harrituaren begiradapean zirriborro bat erdizka idatzi, eta estropezuka mintzatu naiz Reyesekin. Amaitutakoan, nire saioa eta elkarrizketa ‘Surrealista’ atera dela aitortu dit, ezin bestela izan, eta jakinarazi dit saria eman, eman diotela, baina Jaurlaritzak dirua atxikitzea erabaki duela… Edonola ere orain saiatu egingo naiz beste erdika ere garatzen, nire kolaborazioa —informazio urriaren araberakoa— behar bezala taxutzen:

17: 23. Bai, kulturan ere, gauzak aldatzen ari dira. Zerbaiten susmoa hartu nuen Joxeagustin Arrietak Berrian argitaratu zuen artikulua irakurri nuenean. Hartan zioen garai berriak zetozela eta ‘Utikan’ bezalako mugimendu kritikoak bertan behera utzi, eta sisteman parte hartzea —liburuak lehiaketara aurkeztea— komeni zela; sistema, aldatzekotan, barnetik aldatuko genuela.

Egia esan, gauzak lehenagotik ere aldatzen hasiak ziren. Baita kulturan ere. Euskadiko erkidego autonomoan, esate baterako, Patxi Lopez lehendakariak egindako sarrera hitzaldian nor eta Joseba Sarrionandia bera ekarri zuen hizpidera —eta ez Jon Juaristi edo beste sari bat jaso berria duen Joseba Arregi—, eta orain hara non idazle horretxeri egokitu zaion merezimendu literarioa (esan didatenez, lehendakariak aitortu du behin baino gehiagotan dantzatua duela ‘Sarri, Sarri’ izeneko kantua).

Bai, argi dago garai berriak datozela. Eta albistea ez da saria Joseba Sarrionandiari eman izana, bera Euskadi Sarietara aurkeztu izana baizik (vox populi ez den arren, notarioa tarteko, arrebaren bitartez aurkeztu omen zuen entsegua). Inondik ere gauzak, baita kultura ere, aldatzen ari diren seinale.

17: 45. BlackBerryan irakurri ahal izan dudanez, epaimahaiburuak bere kexua azaldu du —arrazoiz neure uste oraingoz karibearrean—, eta saria emateko argudioetan liburua klasikoa izango dela iragarri du (ausarta epaia…!) Telefonoko solasaldian, distantzia bitarte, Reyesi aitortu diot liburukotea irakurtzen hasi nintzela, baina utzi behar izan nuela. Susmoa dut ‘aspergarria’ adjektiboa aipatu dudala. Diplomatikoagoa izan behar nuen eta ‘entziklopedikoa’ esan, baina ez dut asmatu. Liburuaren gaia, badakizue, kulturartekotasuna da, ekialdearen eta mendebaldearen arteko talka; eta gaia, badakikezue, arrunt interesgarria zait, baina planteamendu —barka erredundantzia— entziklopediko xeheegiak ez nau asetu. Hori ere esan beharra daukat eta antzera mintzatua nintzaion J.S. adiskideari. Sariaren berri izan aurretik.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/10/patxi-zubizarreta.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!